Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

Galdu arte

2022ko otsailaren 18a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
«ETBk Mirakontxako etxea jarri zizunetik inoiz baino epelago zaude». Ez dit, hitzez hitz, inork halakorik aurpegiratu. Baina esan egia: hori edo antzeko zerbait pentsatu duzu zuk ere. Nola liteke bestela Go!azen-en alde lerratzea, Gaztearen potentziala azpimarratzea edo Irabazi arte telesail berria txalotzea? Adina izango da? COVID-19aren ezohiko sintoma kronikoa? ETBn horrenbeste ordaintzen dute?

Ezin esan susmorako motiborik eman ez dudanik. Baina lasai, Irabazi arte-ri eskainitako loreek —tira, ez zen izan horrenbesterako ere— badutelako, ikusiko duzunez, bigarren irakurketa ilunago bat. Go!azen-ek eta Irabazi arte-k ondo samar asebete dute nerabezaroan barneratzeko bidean diren haurren eduki gosea. Ikusle datuek halaxe diote. Ondo pentsatuz gero, zentzuzkoa da ETBren hautua: haurrek gurasoekin adostu behar dute oraindik zer ikusiko duten, eta, beraz, euskarazko edukiak ez du, beste adin tarte batzuetan bezainbeste, sareek eta plataformak eskaintzen duten eduki guztiarekin lehiatu beharrik.

Nolabaiteko inozentzia edo xalotasuna galdu arteko haurrek badute zer dastatua, beraz. Euskara eta euskarazko edukiak salbu dira 12-13 urte arte. Baina zer gertatzen da, adinean gora joan ahala, kantu alaiek eta maitasun istorio zuriek gramatikako klase batek bezainbeste aspertzen dituzten gazteekin? Plataformetan Élite, Sex Education, Baby edo Stranger Things gisakoak dituzten bitartean, Twitch edo Youtubeko edukietan nahieran saltseatzen duten garaian, euskarazko komunikazio sistematxoak zer eskaintzen die? Eta ez haiei bakarrik: 20 urteak gainditu ditugunok ba al daukagu gure grina, perbertsio eta goseak asebetetzen dituen eskaintzarik? Arriskatu egin behar da, edukian zein forman. Ez dago plataforma guzti-guztiak eskura dituen adin-tarteetako jendearen arreta eskuratzeko beste biderik. Ausartuko da ETB sexua, drogak, klase-gatazka eta abar moralkeria merkerik gabe landuko dituzten fikzioak egitera? Larrugorritan, Pikuak, Belarri-bero. Azken bizpahiru urteetan garatu diren proiektuak dira hirurak, emakume gazteek eginak eta sexuaz konplexurik gabe hitz egiteko modu interesgarria aurkitu dutenak. Kezkatzekoa da emaitza: bakar batek ere ez du lortu (oraingoz) ETBk proiektua sustatu eta bultzatzerik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.