benat erezuma
'Funtzio sigmoidea'

Franco euskaltzale

2024ko irailaren 14a
05:00
Entzun

Irudikatu Historiako irakaslea zarela. Ikasgelan galdera bat egin duzu: «Nola eragin zion Francoren diktadurak euskarari?». Ikasle batek eskua altxatu du. Sarritan altxatzen duten horietakoa da. Ikasle horren erantzuna inoiz ez da izaten «Ez dakit». Beti du zerbait esateko.

Kasu honetan zera erantzun dizu: «Francoren diktadurak euskara bultzatu eta sustatu zuen». Begiak bere lekutik irten zaizkizu. Pentsatu duzu ikasle hori troleatzen ari dela, adarra jotzeko gogoa du.

Antzeko egoera bat bizi izan dute Oihane Cantero Orai NLPko ikertzaileak eta bere lankideek. Galdera bera txatbotari egin eta adimen artifizialak zera erantzun du: Franco euskararen sustatzailea izan zen. Horren ostean, zer egin dute ikerlariek? Euskal Herriaren inguruko informazio gehiago eskaini diote txatbotari hark ikas dezan. Eredu berri bat sortu dute, gure kulturaren inguruko ezagutza gehiago duena.

Azkenaldi honetan txatboten inguruan entzun izan den hitza da haluzinazioa. Errealitatean ez dagoen zerbait hautematea da haluzinatzea. Baina Pablo Garaizar Deustuko Unibertsitateko irakasleak esan ohi duen moduan, txatbotek ez dute haluzinatzen, huts egiten dute.

2022. urteko azaroan ChatGPTren etorreratik asko eta asko izan gara haren gaitasunekin liluratu garenok. Berarekin txateatu dugu, eskatu dizkiogu olerkiak ingelesez, ikusi dugu nola ikasi duen euskaraz eta lagundu digu gure eguneroko lanean. Agertu dira bestelako txatbotak, konpetentzia zabaldu da, kode irekiko alternatibak ere baditugu gure artean, baita euskaraz ere, Latxa eta Llama-eus-8B kasu.

Baina gaur-gaurkoz, Hizkuntza Eredu-Handietan oinarritzen diren txatbot horiek, egia askoren artean gezurrak ere esaten dituzte.

Diotenez, Hego Koreako ikasgeletan asmoa dute adimen artifizial sortzailean oinarritutako liburu digitalak erabiltzeko. Ez naiz ni inor Hego Koreako Gobernua zalantzan jartzeko; PISA ebaluazio probetan goreneko postuetan izaten baitira hango ikasleak, zerbait jakingo dute.

Edonola ere, adimen artifizial sortzaileek ez dute hezkuntza salbatuko. Kasu batzuetan lagunduko dute, transkribatuko dituzte audioak, itzuliko dituzte testuak, adibidez, hizkuntzaren nahasmendua duten ikasleek aurkituko dituzte helduleku berriak; adimen artifizialak izango du bere espazioa.

Baina, gaur gaurkoz, adimen artifizial sortzailea, batez ere, ispilu lana egiten ari da gure ikasgeletan, gure miseriak azaleratzen. Presta gaitezen ba errealitate berrira. Bertol Brechten Gegen Verführung olerkiaren hitzak gogora ekarriz: «Lilurarik ez!».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.