Animaziozko zinegintza independenteak historia egin du aurtengo Oscar sarietan. Ez bakarrik zuzendari letoniar batek oso talde murriztu batekin egindako animaziozko film batek Inside Out 2 bezalako Pixarren erraldoi bati irabazi diolako; ezta bere osotasunean dialogorik ez duen film bat izan delako ere garaikurraren merezidun. Ez; nire uste apalean behintzat, Flow filmak –Straume, izen letoniar originalean– saria irabazi izanaren bitxikeriarik garrantzitsuena animazioa egiteko erabili duten programak software librea erabiltzen duela litzateke.
Urteak dira gure ordenagailuetan software libreko programa eta aplikazio ezberdinak erabiltzen ditugula. Hasita Ubuntu bezalako sistema operatiboetatik, gaur zutabe hau idazten ari natzaizuen LibreOffice testu-editatzailearen gisakoetaraino, esango nuke gaur-gaurkoz gurean nahiko instalatuta dauden tresnak direla. Hala ere, software librearen diskurtsoa Oscar sarien gailurrera iritsi izana, nik behintzat, ez nuen 2025ean gertatzea espero.
Gints Zilbalodisek zuzendutako Flow filmak mundu post-apokaliptiko batean katu batek uretan egin behar duen bidaia kontatzen du, bide horretan beste hainbat animaliarekin gurutzatzen delarik. Dialogorik gabeko filma izaki, kritikak asko goraipatu du lan honen ikuspuntu narratiboa, non emozioak hitzik gabe transmititzen diren, soilik musikaren eta animalien soinuak baliatuz. Annecyko animaziozko zinegintzaren jaialdian garaikurra lortu ostean, bide berbera egin du Urrezko Globoetan eta Oscar sarietan, animaziozko film onenaren saria irabazi duen lehen film letoniarra bilakatuta.
Horregatik da hain harrigarria film hau Blender izeneko software libreko programa batekin egin izana, hau da, gastu ekonomikorik gabe. Filmeko 3D irudiek, hain zuzen ere, lehen bistaratuan erakusten digute ez direla egun Pixar edota Dreamworksek ohitu gaituzten kalitatearen mailakoak; traketsagoak dira, ez hain errealistak, retroagoak. Oscar sarien hautaketa mundu-mailara zabaldu izanaren beste adibideetako baten aurrean gaude.
Nola edo hala, ikustea merezi duen filma da. Zinean ikusi gabe gelditu zaretenoi, gomendatzen dizuet apur bat itxaron eta Filmineko plataforman ikustea; katalogoan sartu dute, nahiz estreinatzeke dagoen oraindik.