urtzi urkizu
Kritika

Filmek egiten al dute amets?

2024ko ekainaren 13a
05:00
Entzun

Duela bi urte, Donostiako Zinemaldian, Euskal Zinemaren Galan, Alberto Gastesiren lehen film luzea estreinatu zuten: Gelditasuna ekaitzean. Bere bidea egin zuen ondorengo hilabeteetan. Eta, gaurtik aurrera, EITBren Primeran doako plataforman ikusi ahalko da. Aukera ona da aurretik ikusi ez duenarentzat, baina baita lehendik ikusi duenarentzat ere.

Egunotan bere bigarren film luzea ari da grabatzen Gastesi: Singular. Zientzia fikziozko thriller bat izango dela iragarri dute, Patricia Lopez Arnaiz eta Javier Rey aktore protagonistak dituela. Hura iritsi bitartean, Gelditasuna ekaitzean filma ikus daiteke, beraz, etxeko pantailan.

Lara eta Telmo maiteminduta daude. Paristik Donostiara itzuli dira. Hirian etxe bat erostekotan dira, itsasoari begira dagoen etxe bat gustatu zaie. Halako etxe bat Donostian erostea zientzia fikziozko generoan sartzeko istorioa litzateke. Baina aurrera, pelikula ez baita horretaz. Daniel ari zaie etxea erakusten. Kontua da iraganean Danielen eta Lararen bizitzak gurutzatu egin zirela.

Hor dago muina: zer gertatu zen Lararen eta Danielen artean. Iraganean edo ametsean. Edo pertsonaiak asmatutakoan. Irudikatutako horretan. Alberto Gastesi zinemagileak 2022an BERRIAri eman zion elkarrizketan esan zuen pelikulak berak egin zuela amets. Kontzeptu originala da, joko askorako eman dezakeena. Film batek amets egin al dezake? Eta amesgaiztoa baldin bada, zer? Eta esnatzen denean, zer egingo du pelikulak?

Erromantikotzat jo daiteke Gastesiren lehen film luzea, erromantikoa bere kontzeptu klasikoan, baina onirikoa aldi berean. Iradokitzen dena da pertsona orok izan duela beste batekin topaketa bat, laburra, edo pare bat aldiz gurutzatu dela beste norbaitekin, eta gauzatu ez den maitasun istorio bat dagoela hor. Edo egon daitekeela bakoitzaren irudimenean. Ikuslearen esku uzten du zuzendariak interpretazioa, aske.

Bada filmean eszena luze bat: bi pertsonaia protagonistek denbora luzez hitz egiten dute. Izan zenaz edo izan zitekeenaz, eta eszena luze hori da ziur aski pelikulak duen indargune handienetako bat. Hor ageri da ziur aski zinemagilearen nortasuna hobekien.

Zuri-beltzean

Donostia zuri-beltzean ageri da filmean, 1:37 formatuan. Agian zenbait momentutan gehiegizkoa da Donostiako tokien erakustaldia, eta karga handiegia hartzen du hiriak. «Ñoñostiarra» izatera iristen dela esango du, akaso, ikusleren batek. Gaztelaniaren eta euskararen arteko erabileran, bestalde, proposamena ulertzen da: bi hizkuntzak erabiltzen dira hirian. Baina istorio osoa euskaraz izan balitz ere, ez zen ezer gertatuko.

Aktoreen lanari dagokionez, Loreto Mauleon nabarmendu beharra dago. Hazi egin da aktorea, eta gero eta distira handiagoa ematen die bere pertsonaiei. Txukun ari dira Iñigo Gastesi eta Aitor Beltran, baita bigarren mailako roletan ari direnak ere.

Proposamen interesgarria da Gastesirena. Film txikia da —aurrekontu txikikoa—, bitxia, atsegina, ameslaria, iradokitzailea. Ez da Gelditasuna ekaitzean ikuslea zur eta lur utziko duen pelikula biribil bat. Baina Euskal Herrian askotariko begiradak dauden adibidetzat jo daiteke. Emaiozue aukera bat. Eta jarraitu hodeien artean galdezka: pelikula batek amets egin al dezake?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.