Juan Luis Zabala
EKOGRAFIAK

Feminista naiz baina...

2021eko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
Esan beharrik ere ez dago berripaper honen ildo editoriala feminista dela. Nik, oro har, bat egiten dut ildo horrekin, eta bat nator, ideologikoki eta teorian behintzat, feminismoaren ideia nagusiekin. Horrenbestez, bat nator Aitziber Zapirain Etxanizek zuzendu, Antxeta Irratiak ekoitzi eta hainbat webgunetan ikusgai dagoen Arduraz komunika dezagun dokumentaleko iritzi eta ikuspegi gehienekin. Baina...

Luzea iritzi diet irauten dituen 68 minutuei, entzun dudan gehiena lehendik ere entzuna nuelako eta entzuten diren iritziak oso antzekoak direlako, denak ildo berekoak. Susmoa dut antzeko zerbait gertatuko zaiela ikusle askori, gehienak «astotik jaitsitakoak» izango baitira, dokumentalean erabiltzen den esamolde batez esanda. Hobe oker banago, baina bestelako ikusle askorik ez duela izango iruditzen zait.

Zalantzarako eta debaterako tarte gutxiegi ematen du dokumentalak. Adibide batekin azaltzen saiatuko naiz. Hainbatetan aipatzen da «gizon portatu» esamoldea, tradizioz portaera zintzo eta onesta adierazteko erabilia. Logikoa da esamoldea gaitzestea, emakumea bazter uzten duen gizontasunaren laudorio inplizitua denez. Poema batean irakurri nuen lehen aldiz esamolde horren gaitzespena, ironiaz adierazia: «Eta ez hadi gero gizon portatu»; Gerardo Markuleta zen poeta, Jon Iriberri ezizenez artean ere, 1994an. Harrezkero uko egiten diot «gizon portatu» esamoldea erabiltzeari, pena eman bazidan ere, etxean ikasia baita, emakumeek maiz erabilia eta laudorioa adierazteko modu indartsua. Bada, ordea, ikuspegi feministatik egiten zaion kritikaren berri izan arren, «gizon portatu» esamoldeari eusten dionik, eta interesgarria litzateke horien iritzia ezagutzea. Euskaltzaindiarena ere bai, ez baitu esamoldea bere hiztegitik kendu.

Euskaraz aritzen diren emakume kazetariek hizkuntzaren erabileraz dituzten kezkak ondo azaltzen ditu dokumentalak, baina, ikusle moduan, monotonoegia iruditu zait, errepikakorra, eta gusturago ikusiko nukeen debatera lerratuago balego. Dokumentaleko une batean, Amelia Barquinek azaltzen du inori aurrez egindako gomendio sorta bat ematea baino eraginkorragoa dela elkarrekin egindako hausnarketa eta debatea, eta horretxen falta sumatu dut dokumentala ikustean, debatearena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.