Amaia Garcia.
EKOGRAFIAK

Fede gutxi

2023ko uztailaren 20a
00:00
Entzun
Gauza sinpleei ez diegu balio handia ematen. Fikziorako istorio handi eta garrantzitsuak kontatzeko joera dago, eta batzuetan sinpletasunean egon daiteke telesail on baten gakoa. Horretan ados daude Poquita fe (Movistar +) telesailaren egileak. Pepon Moreno eta Juan Maidagan gidoilari eta zuzendariek bikote arrunt baten egunerokoa kontatu dute hamabi kapitulutan. Telesail honen formatua nahiko berezia da. Kapitulu bakoitza urteko hilabete bat da, eta 15 minutuan hilabetean gertatzen den garrantzitsuena azpimarratzen dute.

Raul Cimas eta Esperanza Pedreño aktoreek Berta eta Jose Ramonen rolak jokatzen dituzte. Bikote hori Madrilgo auzo langile batean bizi da, eta beren egunerokoa lanean eta familiarekin dituzten gatazketan oinarritzen da. Bizitza arrunta dute, eta beren arteko komunikazioa nahiko eskasa da. Bikote honen egunerokoa jakinda, telesaila aspergarria izan daitekeela dirudi, baina umorez beteriko telesaila da. Hori lortzeko, Morenok eta Maidaganek gidoi oso zaindua egin dute.

Bertaren eta Jose Ramonen arteko erlazioa ez da ona. Errutinan sartuak daude, eta ez dute desira handirik. Kapituluak pasatu ahala, errutina horrek kalte egiten diela ikusiko dugu. Telesailaren gakoa pertsonaien eraldaketan dago. Bertaren eta Jose Ramonen familien parte hartzea oso garrantzitsua da telesailaren umorea sortzeko. Bertaren ahizpa eta Jose Ramonen ama pertsonaia oso bereziak dira, eta bikotearen eguneroko aspergarriari gatza eta piperra ematen diote. Familiaz gain, lankideen eta lagunen arteko tramak bikotearen errutinatik ateratzeko aukera ematen digute.

Urtebete 180 minutuan laburtu dute telesail honetan. Eguberrien amaieratik hasten da lehen kapitulua eta Eguberrien hasierarekin amaitzen da. Telesaila ikusten hasi nintzenean fede txikia nuen istorio hau gustuko izango nuenik, baina azkenean udako telesail ezinbestekoa dela uste dut. Eguneroko gauza sinpleetan artea sortzeko aukera zaila izaten da. Rafael Berriok Las pequeñas cosas abestian horren inguruan gogoeta egiten zuen, eta bere kantutegian askotan aurkitzen da gauza txikien garrantzia. Fede gutxi badugu ere, gure egunerokoarekin istorio interesgarriak eta dibertigarriak egin daitezkeela argi geratzen da Poquita fe telesaila ikusi ostean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.