Bideo batean agertzen den pertsona baten irudia beste batekin ordezkatzeko gai diren sistemak garatzen hasi dira. Horrek aukera emango luke edizio askorik egin gabe bideo bat editatu eta bertan agertzen den pertsona bat, adibidez, beste batekin ordezkatzeko; deep fake, faltsutze sakona deitzen hasi zaio horri.
Egin edo esan ez dituzun gauzak egia bihur daitezke, bideo batean esaldi horiek esaten dituen pertsonari zure aurpegia eta ahots tonua jartzen badizkiote. Lehen begiratuan, bideoan agertzen den hori, zu ez zaren hori, benetan zu ez zarela jakiterik ez dago. Demagun, gainera, zure bizitzan eragin dezakeen bideo bat dela, eta berau zabaltzen hasten dela sareetan zehar... Teknologia horiek gizarteratzen hasten badira eta horrela izango dela dirudi, zein neurri jar daitezke horren aurrean?
Alarmatik harago, bideo eta audio edizio faltsutua beti egon da, baita detektatzeko bideak ere. Bideoak moldatu ez direla demostratzen duten formatuak nagusitu daitezke aurrerantzean. Horrek esan nahiko du kontrol neurri gehiago jarriko zaizkiola bideo horiei sinadura edo algoritmo mailan. Kontrol hori pribatutasun eskubidearekin bateragarria izatea izango da erronka nagusia, eta, hala ere, ez da berehala etorriko.
Sistema hori izanik ere, ez du ziurtatuko eraso bat pairatuko ez duzula. Halako erasoak jasan nahi ez dituzten pertsonek une guztietan euren jarduna auditatu beharko lukete, non egon diren, izan dituzten elkarrizketak, grabatutako bideoen historiko bat izan...Eta sinesgarri den era batean gorde, hirugarren batek edo algoritmo fidagarri batek demostratzeko moduan. Ondoren, arazoen aurrean, datu base erraldoi horretara sarbidea emateko erakundeei edo zenbait atal publiko egiteko.
Azken joko bat: gure ahotsa imita dezakeen zerbait izango bagenu —eta existitzen da jada—, zer eragin izango luke horrek? Gure ahotsak pertsonen arteko komunikazioan pasahitz modukoak dira, ahots tonuak konbertsazio mota eta hainbat datutarako sarbidea ematen du besteekin zuzenean ari garenean. Imajinatu beste norbaitek zure gurasoekin, bikotekidearekin, lankideekin... zu bazina bezala hitz egin dezakeela...
Orain, imajinatu zu herrialde bateko lehendakaria zarela.
IRLEN SAREA
Faltsutze sakona
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu