Cómo cazar a un monstruo: Amazon Prime Video plataformak estreinatu berri duen proposamen interesgarria, berritzailea eta zirraragarria da. Sortzailea Carles Tamayo youtuber ezaguna da, eta kazetaritza eta ikerketa lan zorrotzak ditu oinarri. Narratiba liluragarri bati esker, eserlekuan itsatsita mantenduko zaitu eta hiru atalak bata bestearen atzetik irentsiko dituzu. Azken zatian, gainera, thrillerraren eremuan ere murgilduko zaitu.
Premisa basatia eta latza da, oso gai delikatuak jorratzen dituelako: Lluis Grosek 23 urteko kartzela-zigorra jaso zuen hainbat adingaberi egindako sexu-abusuengatik baina ez du sekula espetxea zapaldu. Txikitatik ezagutzen duen Tamayori eskatuko dio bere bizitzari buruzko dokumental bat egiteko. Biktimei barkamena eskatzeko helburuz egindako eskaera zelakoan, sortzaileak onartu egingo du proposamena baina Grosen helburua justu kontrakoa dela ohartuko da: ikus-entzunezko honen bidez bere irudia garbitzea nahi du. Une horretatik aurrera, Gros kartzelan sartzeko helburuz, Tamayoren eginbidea frogak eta irudiak biltzea izango da.
Berritzailea dela aipatu dut, lana filmatzen hasi zenean sortzaileak espero ez zuen zerbait lortu duelako: true crime generoaren arauak eraldatu ditu eta narratiba propioa sortu du. Normalean, benetako krimenetan oinarritzen diren lanak kasuak amaitutzat ematen direnean ekoizten dira; narratzailea orojakilea izaten da eta berak nahi duen bidetik eramaten gaitu, badakielako amaiera nolakoa izango den. Hemen ez, dokumentala denbora errealean garatzen eta gertatzen da eta Tamayok deskubritzen duen guztia une berean biziko dugu geuk ere. Alde horretatik, ikuslearen pasibotasunari aurre egiten dion obra bat da eta, gainera, ez du soilik entretenimendua eskaintzen; hausnarketa sakonak pizten ditu eta egungo gizartean dauden arrisku ezkutuen inguruan begiak zabaltzeko aukera ematen digu. Kriminal baten egoa bere galera nola bihurtzen den azaltzen du.
Lana ez da guztiz biribila, narratiboki zalantzagarriak diren hainbat erabaki dituelako eta une batzuetan Tamayok protagonismo handiegia duela iruditu zaidalako, baina sekulako ezustekoa iruditu zait. Krimenen generoa gustukoa izan ala ez, biziki gomendatzen dudan proposamen bat da. Bazen garaia true crime-aren leihotik haize fresko apur bat sartzeko.