Lide Hernando.
'Ekografiak'

Ezer txarrik ez

2024ko irailaren 24a
05:00
Entzun

Baduzue, zeuen burua nahiko kuestionatzailetzat eduki arren, puntu negatibo bakar bat ere atera ezin diozuen telesailik? Nik bat ezagutu dut azken asteotan. Bueno, agian maitemintze-fasearen gorenean nago eta ez naiz objektiboa izateko gai, baina benetan diotsuet telesail honek nire gustuekin guztiz bat egiteko egina dirudiela. The Marvelous mrs. Maisel du izena, eta Amazon Primen dago 2017. urtetik; nola ez dut ba orain arte ezagutu? —Gaizka Izagirre barrez imajina dezaket momentu honetan—.

Hasteko: nire lehengusinak duela hainbat urte gomendatu zidan eta ez nion kasu handirik egin; izugarrizko akatsa! Edo agian ez, agian momentu honetara arte itxaron behar nuen zeharo maitemintzeko. Batek daki. Kontua da telesailak komedia eta 50-60 hamarkadetako New York uztartzen dituela, eta nire uste apalean, aspaldian ikusi dudan lanik barregarriena dela. Istorioak Midge Maisel izeneko klase altuko emakume judu baten bizitza kontatzen du; zeinari, senarrak abandonatu ostean, bakarrizketa komikoen munduan sartzeko ideia bururatzen baitzaio. Bera eta Susie Myerson izeneko agentea lirateke telesaileko protagonistak, eta bikote komiko gisa euren arteko kimika egundokoa da. Hala ere, sortzaileen esfortzua ez da horra mugatzen: The Marvelous mrs. Maisel telesailak duen onena bigarren mailako pertsonaiak dira. Ez dakit nola lortzen duten, baina den-denak dira bakarrak, originalak eta zeharo, ZEHARO, barregarriak.

Asko gustatu zait Amy Sherman Palladinok sinatutako telesail horrek komediaren munduan apalenetik hasita eman behar diren pausoak nola azaltzen dituen. Aretorik zikinenetatik hasita, goranzko bide geldoa egingo du Maiselek, eta tartean edonorentzako zailak liratekeen erabakiak hartu beharko ditu, baita joko moral inteligenteak planteatuko dituzten akats asko egin ere. Tarteka gorrotatu egingo duzue emakume hori, baina zin dagizuet, gehien-gehienetan, zuen ahizpa balitz bezala maitatuko duzuela. Eta komediaren oso zale ez bazarete ere, soilik garaiko dekorazioa eta jendearen jantziak ikusteak balio lezake tarte benetan atsegina igarotzeko.

Hortxe, ba, nire gomendioa. Bost denboraldi ditu, baina nik bezalako ilusioarekin hartzen baduzue, aste gutxitan oso-osorik ikusiko duzue, apustu egiten dizuet.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.