Definizioak, sailkapenak, etiketak... moldeak dira, mugak, kaiolak, kartzelak... Baina, definiziorik, sailkapenik, etiketarik gabe nekez etsitzen dugunez —are gehiago definizioak, sailkapenak, etiketak hain txikitatik geureganatuta ditugun alorrean, generoarenean—, ezer izatekotan, ez bitarrak direla onartzeko prest daude, ezer onartzekotan, ETB1eko Ur handitan saioko herenegungo erreportajeko protagonistak: Hari Arrijuria, Esti Blanco, Eneko Garcia, Asier Rikarte, Iris Dominguez eta Josebe Iturrioz. Ez gizon, ez emakume. Ez bitar.
Ni naiz naizena websaila laudatzeko erabili nuen argudio bera erabili behar dut Xabier Madariagak gidatutako lan honen alde mintzatzeko: definizio, sailkapen eta etiketa estuegietara ohituta gauden ikusleei ezohikoak gertatzen zaizkigun lekukotasunak eskaini zituen, ezagutzarako, ulermenerako eta enpatiarako. Ez dago ezagutzea eta entzutea bezalakorik aurreiritziak gainditzeko, eta telebista horretarako tresna egokia izan daitekeela erakutsi du, beste behin, Ur handitan-ek. Bide batez esanda, Ni naiz naizena websailaren beste bi atal daude ikusgai trans.eus atarian, eta gehiago ere izango dira laster.
Bitxia da. Genero batetik bestera igarotzeko pausoak emandakoen eta beren burua genero horietako ezeinetan kokatzen ez dutenen lekukotasunak entzun eta haien errealitatea ezagutu eta gero, lesbianismoa eta homosexualitatea ia-ia heterosexualitate «klasiko» eta «ereduzkoa» bezain normatiboak direla dirudi, une batez eta kontrastearen efektuagatik baino ez bada bada ere, ilusio optiko baten antzera. Egia baita, izan ere, errazago onartzen direla gure gizartean nagusi diren genero-eskemetatik begiratuta.
Ez bitarrak, trans bitarrak, lesbianak, homosexualak, bisexualak, heterosexualak... denak denen aurrean berdin normatiboak eta normalak izatea litzateke egokiena; definiziorik, sailkapenik, etiketarik gabe, edo behintzat horien mendeko izan beharrik gabe ezertarako. Baina amets hori gauzatu artean, tamalez, gaur eta hemengo errealitate gordinean, fobien aurka borrokatzea da urgenteena, herenegungo saioko lekukotasun batzuek ere erakutsi zutenez, eta horretarako oso lagungarriak dira Ni naiz naizena websaila eta herenegungo Ur handitan bezalako telebista saioak.
EKOGRAFIAK
Ezer izatekotan, ez bitarrak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu