Kaletik zoazela, haurrak aitona-amonei: «Amona, gaur bihar da?». Ezin diozu barreari eutsi. Imajinatu duzu haur bizi eta zorrotz hori, behin eta berriz eskean, «bihar, hori bihar...» erantzuna jasoz. Ulertu ezinik ziur asko denboraren joana, eta nekean, galdera perfektua egin du azkenean. Erantzun dakioke edonola galderari, zuzen izan ezik. «Bihar, hori bihar...» moduko bat gertatzen da, beste hainbatekin bezala, telebistarekin ere. Duela zazpi urte pasa lerro batzuk eskaini nizkion gaiari, zutabe honetan. Cisco Systems enpresa multinazionalak egindako ikerketa baten berri ematen nuen. Hain zuzen ere, etorkizuneko telebista nolakoa izango zen irudikatu eta iradokitzen zuen, 50 adituren esanak bilduz. Honako hauek aurreikusten zituen: kateen desagerpena; keinuek telebistako mandoa ordezkatuko zutela; pantaila malguak, bilgarriak, eramangarriak eta tamaina anitzekoak; publizitate interaktiboa eta ikus-entzule bakoitzaren neurrira egina; sare sozialen, jolasen eta bestelako bideen bidezko ikus-entzuleen parte hartzea; edukiak partekatu eta jarraitzeko komunitate birtualen sorrera; ekoizpenak eta produktuak usaindu eta dastatzeko aukera; edonon telebista ikusteko aukera; telebistak ikus-entzuleei haien ekoizpenak gizarteratzeko modua eskaintzea; haien iritzia aintzat hartzea ekoizpenak sortzeko orduan...
Bete dira aurreikuspen horietako batzuk. Bete dira, hein batean. Eta, hala ere, ez dakit ekarri duten 2011n horiek irudikatze hutsak sortzen zuen irrika, arrakala eta baita aldaketa orok eragiten duen izua ere. Berritik duen adina baitu gaur, zazpi urteren ondoren, zaharretik telebistak. Aldaketa horien ernamuina bizi ohituretan baitago, inon egotekotan, telebistaren funtzionamenduan baino gehiago. Gailuan eta haren erabileran bainoago, mamian, eskaintzan, begiradan, funtzioan sakontzetik etorriko baita, etortzekotan, telebistak izan dezakeen aldaketarik eta berrikuntzarik handiena. Telebista non eta nola ikusi anekdotikoa izango da, dirutzak mugitu arren. Ekarpenaren berritasuna, izango bada, zer, zergatik eta zertarako telebista ikusi izango da. Eta, horretan, oraingoz eta oraindik, gaur ez da bihar. Eta ni, agian zu bezala, haurtxo bat baino ez naiz, aitona-amonei galdezka, erantzunik jaso gabe, galduta, ulertu ezinik eta frustrazioz beteta.
EKOGRAFIAK
Ez datorren etorkizuna
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu