Egunotan egiten ari dira Seriesland websailen nazioarteko jaialdia, Bilbon; hogei herrialde baino gehiagotako lanak jaso ditu jaialdiak, eta horietatik ehun baino gehiago ikusi ahalko dira. Gaur bertan, Euskal Herriko hainbat ekoizpen proiektatuko dituzte, Euskal Serierik Onenaren Saria eskuratzeko lehian; horietatik, euskarazkoak bi dira Ardi beltzak eta Power Up.
Seriesland da jaialdiaren izena (serieenlurraldea euskaraz), baina agian «Euskarazkoak ez diren Serieen Lurraldea» aproposagoa izango zatekeen; Euskal Herrian ospatzen den ekitaldia dela kontuan izanik, eta ehun proiektutik gora ikusgai daudela, soilik bi euskarazko egotea, zer nahi duzue esatea, negargarri samarra, ezta?
Erne, jaurtitzen ari naizen gezi hau ez doa jaialdiari zuzendua, inondik inora ere, eurek merkatuan dagoena arrantzatu behar dute edo bertara aurkezten dutena aukeratu; gezi hau euskal zinema osasuntsu dagoela esaten duten horiei zuzendua dago —barruan sartuko ditut telesailak ere—.
Horrelakoetan, beti, Ramon Agirre aktoreak Biba zuek saioan jaurti zituenak datozkit burura: «Euskal Herriko kaleetan filmaketa asko daude, baina, euskal zinemaz ari garenean, zertaz ari gara? Euskarazko filmak %1 dira, estatistiken arabera, gure zinemetan. Euskal Zinema euskaraz egiten den zinema da, ez Euskal Herrian grabatutakoa».
Komunikabide askoren lerroburuetan Carlota Peredaren La ermita edota Nacho Vigalondoren Daniela Forever euskal pelikulak direla aipatzen dutenean adibidez, sutu egiten naiz, adarjotzea iruditzen zait. Egia da, eta hau ezin da saihestu, sarritan ekoizpenaren zati bat Euskal Herrikoa dela eta lantaldeko asko euskaldunak direla, ados. Baina niretzat pertsonalki hori ez da euskal zinema; neure buruak eta batez ere bihotzak ez dute halakorik onartzen.
Akaso «Euskal Herrian egindako zinema» eta «Euskal zinema» bereizketa egin genezake, baina ez dut uste arazoa etiketa kontua denik.
«Soilik %100 euskaraz grabatzen dena da euskal zinema?», galdetuko dute batzuek. Ez dut hain muturrera joan nahi, ez da hori esan nahi dudana. Kutsu guztiz espainiarra duten filmak euskal pelikulak balira moduan saltzea, hala komeni delako, eta horregatik gainera dominak jartzea, hori da jasanezina egiten zaidana.