urtzi urkizu
'Pantailen artetik'

Euskarara bikoiztuko den bakarra

2025eko otsailaren 16a
05:00
Entzun

Pepe Reik eta Nekane Txapartegik 2000ko martxoan sinatu zuten ikerketa lana Ardi beltza aldizkarian. Bertan kontatzen dute Elena Tejada Espainiako Poliziako agentea ETAko kide Sergio Polo eta Kepa Etxebarriarekin bizi izan zela urtebetez, gau batean Donostiako toki batera eraman zituela, eta han atxilotu zituztela Espainiako poliziek. Haien istorioa fikzionatuta kontatzen du La Infiltrada filmak. Bestalde, egunotan ez da aipatu zer gertatu zen Jose Luis Geresta Donostiakomandoko beste kidearekin: 1999ko martxoaren 20an, buruan tiro bat zuela azaldu zen Errenteriako Zamalbide auzoan (Gipuzkoa). Orduko hartan, Zizurkilgo (Gipuzkoa) EAJk, EAk eta HBk salatu zuten Gerestaren hilketa Espainiako Estatuaren «gerra zikinaren parte» zela.

Manel Marquez historialari eta irakasleak zera esan du sare sozialetan: «Espainiako Estatuak euskal gatazkari buruz duen propaganda diskurtsoaren parte da La Infiltrada. Gerra zikina justifikatzen saiatzen da, eta giza eskubideen urraketa justifikatzen duen diskurtso bat eraikitzen». 

Irene Zugasti politologo eta kazetaria berdintsu mintzatu da Canal Red Internet bidezko telebistan: «La Infiltrada-k erromantizatu egiten du poliziak Euskal Herrian infiltratu izana eta euskal gizartea espiatzea. Iruditzen zait azkeneko urteetan egin den pelikula erreakzionario eta arriskutsuena dela. Ahalegintzen da ikusleak enpatia izan dezan infiltratu diren poliziekin, noiz-eta, batetik, jakin berri dugun honetan infiltrazioak daudela herri mugimenduetan eta kolektiboetan, eta, bestetik, Grande-Marlaska Espainiako Barne ministro den honetan». Infiltrats erreportajearen harira zabaldu da infiltrazio horien berri.

Filma: 'La infiltrada'.
Carolina Yuste aktorea, 'La infiltrada' filmean. MIKEL BLASCO

Pelikularen kontrako hitz bakar bat ez da entzun ETBn. La Infiltrada finantzatu dutenetako bat da Euskal Telebista. Euskadi Irratiko Faktoria-n, behintzat, Iñaki Lazkano EHUko irakasleak zentzuzko analisia egin zuen film horretaz. Are mamitsuagoa da Maider Galardi F. Agirrek idatzitakoa, Pikara Magazine-n. Irakurri beharrekoa.

Hain zuzen ere, euskarara bikoiztu dute Arantxa Etxebarria zinemagilearen pelikula. Eta hori da 2024. urtean EAEko aretoetan gehien ikusi ziren hamar filmetatik euskarara bikoiztuta ikusi ahalko den bakarra. Movistar Plus plataforman estreinatu zuten ostiralean. Eta aurrerago —dezente aurrerago— iritsiko da Primeran-era, euskarazko audioarekin. Jatorriz, gaztelaniaz da.

Katalanez, sei

Aretoetan ikusle gehien izan zuten filmen artean, seigarrena izan zen La Infiltrada. Eta, esan bezala, gehien ikusitako hamar pelikulak soilik gaztelaniaz ikusi ahal izan ziren; Ipar Euskal Herrian, frantsesez. Bestela izan ziren gauzak Katalunian: Inside Out 2, Gladiator II, Gru 4, Vaiana 2 eta Kung Fu Panda 4 filmak katalanera bikoiztuak ere ikusi ahal izan ziren aretoetan. Horiei gehitu behar zaie Dune 2: aretoetan ez, baina ordainpeko Max plataforman katalanezko audioarekin eskuragai dago. Kataluniako Generalitatearen apustu sendoa dago horren atzean.

Zinema ekoizpen propioei dagokienez, bestalde, katalanezko film batzuk oso bolada onean dira: udazkenean, Dani de la Orden zuzendariaren Casa en flames bihurtu zen ordura arte aretoetan ikusle gehien lortutako katalanezko pelikula; handik aste batzuetara, Marcel Barrenaren El 47 filmak hartu zion lekukoa. Netflixen ikus daiteke aurrenekoa, eta Movistar Plusen bigarrena. Oso txukunak dira biak.

Marcel Barrenaren 'El 47' filma
Marcel Barrena zuzendariaren 'El 47' filma. EFE

Euskal Herrira itzulita, argitaratu berria da ikus-entzunekoak ekoizteko Eusko Jaurlaritzak ematen dituen diru laguntzen ebazpena. 7.280.000 euro banatu dituzte film luzeak, film laburrak eta telesailak ekoizteko. Pantailak Euskaraz mugimenduak otsailaren 4an adierazi zuenez, «historian lehen aldiz, aurten Jaurlaritzak diru gehiago jarriko du euskarazko zinema ekoizteko gaztelerazkoa ekoizteko baino!». Baina BERRIAk jakin duenez, hala izan zen 2023. urtean ere. Albiste pozgarritzat jo daiteke, baina datu horrek badu beste interpretazio bat: aurreko urte gehienetan, Eusko Jaurlaritzak laguntza gehiago eman du gaztelaniaz ekoitzitako filmentzat, euskaraz egindakoentzat baino.

Horrez gain, aipatzekoa da orain arte entzungai edo ikusgai ez zeuden hiru nobedade daudela EITBren Guau plataforma berrian; hiruretako bat «euskal zinemaren» inguruko bideopodcast bat da. La noche de... podcast. Grandes momentos del cine vasco du izena. Dani Alvarez da aurkezlea. Eta gaztelaniaz da, nola ez ba. Ba nola ez, La Infiltrada ere sartuko dute «euskal zinemaren mugarrien» artean. Batzuek, baina ez denek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.