Arantza Gutierrez Paz.
'Irratia'

Euskaraldia berotzen

2025eko martxoaren 16a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Maiatzaren 15etik 25era batzuk ahobizi eta beste batzuk belarriprest gisa identifikatuko gara gure lagun, lankide, auzoko edo herrikideen aurrean, eta ingurukoak euskaraz hitz egitera gonbidatu. Halaber, guk ere lehenengo hitza euskaraz egiteko konpromisoa hartuko dugu, zenbaitetan ohitura eroso batzuk baztertuz. Hamaika egun, berriz ere, laugarren edizio honetan: euskaraz aktibatzeko ekimen kolektibo horretan parte hartuko dugu, eta lagun euskaldun berriak topatuko. Ados, itxurakeria hipokritak egiten dituztenak ere aurkituko ditugu, txapa paparrean jarrita, baina beti bezain erdaldun.

Bi hilabete falta dira, eta has gaitezke keinu txiki batzuk egiten; adibidez, dial erdalduna itzali eta euskarazko saioak aukeratuz. Aukera zabala dago, astez aste ekartzen ditudan saioek agerian uzten duten bezala. Eta aste honetan beste bat gehitu zaio katalogo horri, oraingo honetan, gainera, hizkuntza ikasteko prozesuan lagungarria izateko asmoz sortua, Naiz irratiko Adi eta Ari. Nerea Arriolak eta Ander Edok gidatzen dute eta B2 mailako edukiak eskaintzen dituzte sei minutuz. Irratian eskainitako elkarrizketez baliatzen dira gramatika akats ohikoenak azaleratu eta zuzentzeko edo esamolde batzuk irakasteko; gainera, ikasketa errazteko, audioen transkripzioak eskaintzen dituzte. Aholkatzen digute lehenengo bider irakurri barik aditzeko eta bigarren entzuketa bat egiteko testua leituz, ziurtatzeko ongi ulertu dela. Entrenamendu horrekin —zergatik ez?— hirurogei egun barru, baten bat guztiz prest helduko da Euskaraldira. Ez dago aitzakiarik, nahieran ere entzun daiteke-eta.

Prestakuntza horretan ere, EITBko Guaun entzungai dagoen Zapla! podcasta entzuteko gomendioa dakart. 2022ko Euskaraldirako ekoizturiko saioa bada ere, ziur nago bertan antzezturiko egoerek, euskaldunok maiz bizi ditugunek, ez dutela beren gaurkotasuna galdu, eta horiei aurre egiteko aholkuak eta hizkuntza ohiturak aldatzeko proposamenek ere ez. Monika Belastegik eta Juankruz Lakastak aurkeztuta, euskal ahots askok modu dibertigarrian laguntzen dute belarriprest edo ahobizi izateko beroketa horretan. Hogeita hamar minutuko lau kapitulu dira, eta nahi edo behar izanez gero, badago aukera azpitutuluak irakurtzeko, baina ez egin tranpa eta ez aukeratu gaztelaniazkoa; ziur egon ahalegintzea merezi duela, baita euskaraz aritzea ere!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.