Lide Hernando.
'Ekografiak'

Euskara eta umorea 'cool'-ak zirenekoa

2024ko uztailaren 11
05:00
Entzun

Aurrekoan esan zidaten Brinkola telesaila Primeran plataforman jarri zutela, eta ez dut egun bakar bat ere itxaron atalen bat berriro ere ikusteko. Eta, egia esan, aspektu batzuetan oso ongi zahartu ez den arren, gauza batez ohartu naiz, eta ezin nintzen esan gabe gelditu: EiTBn ez da umorista talde hoberik izan —Barre librea-koak kenduta, agian— Anjel Alkainenak utzi zuenetik.

Ziurrenik hau irakurtzen ari den inork ez du Anjel Alkaini buruzko informaziorik beharko, baina, badaezpada, utzidazue bere ibilbidetik gauzarik azpimarragarrienak aipatzen: hasteko, Sorginen laratzalate night tankerako saioan izan zen kolaboratzaile gisa. Badakit, hain justu, gisa honetako gaueko beste saioren bat izan dela honen ostetik, baina izan al da hura baino ikonikoagorik, gizartea gehiago markatu duenik? Ezetz esango nuke.

Horren ostean, 2005ean, nire ustean lantalde horren lanik garrantzitsuena dena etorri zen: Wazemank. Hasieran ETB2n bi urte lehenago estreinatutako Vaya semanita esketx saioaren euskal kopia gisa hartu genuen gehienok; baina, egia esan behar badut, denborarekin, niretzako eta beste askorentzako, beste hori baino askoz hobea bihurtu zen. Umore purua, erreferentzia bistakoegirik gabea, Euskal Herrian parekorik ez zuena eta oso-oso —batez ere gaur egungo panoramarekin alderatuz— errebeldea. Gogoan dut aurreko artikulu batean aipatu nuela Wazemank-ek umorea euskara jatorrean egiteak zenbat aldatu zuen gure inguruko hizkuntzaren erabilera nerabezaroan. Euskara cool-a bihurtu zuten Alkainek, Iraolak, Tolosak eta abarrek, eta hori askok ez dugu sekula ahaztuko.

Ostean etorri zen Brinkola-k ere, sona askoz ere txikiagoa izan arren, lortu zuen Wazemank-en inpronta mantentzea. Ikus-entzule finagoarentzako sortutako telesaila zen, horretaz dudarik ez zegoen —niri ere ez zidan interes handirik piztu hasieran— baina ez dago dudarik formatuak aire freskoa ekarri ziola, berriro ere, euskal telebistari.

Eta ezin ahaztu hortik aurrera etorritako beste batzuk: Finlandia, Kontuz, atsuak!Wazemank-etik ateratako sekuela–, Kontrako eztarria… azken horrekin ere, umorea eta aktualitatea uztartzen bikainak zirela erakutsi zuten.

Zeinen ederra izango zen ETB1era mota horretako umorea itzultzea!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.