Euskarazko fikzioaz sarriago idazteko eskatu zidaten aurrekoan. Aitortu behar dut hizkuntza horretan ikus-entzunezko gutxiago ikusten ditudala. Neurri handi batean, ez dudalako oso argi non ikus ditzakedan ekoizten diren lan digital berri guztiak. Alde batetik, apenas dago euskarazko fikziozko eskaintzarik pantaila tradizionalean. Eta, bestetik, ez dut telebista tradizionalik etxean. Beraz, streaming plataformak erabiltzen ditut fikzioa kontsumitzeko. Horietako batzuk ordainpekoak dira, eta beste batzuk doakoak. Netflix, Filmin eta Movistar, alde batetik; eta irekian ikus daitezkeen telebista kateen nahierako zerbitzuak, bestetik. Imajinatzen dut zuetako askok, jada, gauza bera egingo duzuela. Horregatik, euskarazko ikus-entzunezkoak biltzen dituen streaming plataforma baten beharrean gaudela esango nuke.
Maddi Castro zinemagilearen Pikuak euskarazko websaila ikusteko gogoa piztu zitzaidan astelehenean. Igande gauerdian estreinatu zuen EITBk bere webgunean. Interneteko bilatzailean Pikuak sartu nuen, eta, nire harridurarako, EITBren Serie digitalak atalera heldu nintzen. Noiztik dago hori martxan? Zenbatek duzue atal horren berri? Zehatzago: zenbat sustatu dute tresna gure irratietan, euskal prentsan, sare sozialetan edota ETBn bertan? Euskarazko lau lan daude: Gutuberrak, Puntu koma, Kartzela eta Pikuak.
«Ez dakit loraldi bat den, baina denok kontsumitzen ditugu telesail pila bat, eta ari gara ikusten imajinatzen ez genituen rolak edo pertsonaiak, eta Pikuak-ek badu hori», adierazi du berriki Castrok ETB1eko Berben lapikoa-n. Hiru emakume gazte dira websail horren protagonistak (Miren Nogales, Ainhoa Artetxe eta Amaia Ruiz de Galarreta), eta haien helburuak edo ametsak lortzeko borroka kontatzen du. Pisukideak dira, eta elkar oso ondo osatzen dute. Hau da, bataren gabeziak besteak betetzen ditu. Pertsonaiak sortzeko orduan, estereotipoetara jo dute. Bata lesbiana da, bigarrena belarzalea, eta hirugarrena ingurune urbanoko hipsterra. Bestela esanda, pertsonaiak oso garaikoak dira; izan ere, errealitatetik gertu daude.
Gustura ikusi ditut lehendabiziko hiru atalak —hamar minutu ingurukoa bakoitza—, eta lantaldea eta bultzatzaileak zoriondu nahi nituzke emaitzagatik. Baita euskara eta emakumeak ardatz izan dituztelako ere.
EKOGRAFIAK
Euskara eta andreak ardatz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu