Arantza Gutierrez Paz.
Irratia

Euskal tantak

2024ko ekainaren 9a
05:00
Entzun

Prestatzen ari naizen ikastaro baterako material bila France Bleu Pays Basque irratiaren webgunean sartu naiz, eta horra hor euskaraz emititzen duten Euskal Magazina-rekin topo egin dudala. Xexili Foixek eta Ainhoa Altunak gidatzen duten saioa 12:00etan eta 19:00etan ematen dute, eta kultura, gaurkotasuna eta kirol zein gizarte-gaiak jorratzen dituzte bertan, protagonistei egindako elkarrizketekin eta euskal musikak lagunduta. Horretaz gainera, euskarazko bi albiste-buletin eskaintzen ditu goizero, Berri Saila izenburupean. Euskal tantak, frantsesezko programazioan.

Izan ere, Radio-France delako kate publikoak 1985ean sortu zuen irratia Baionan, eta bertan programazio propioa abiatu zuen, Ipar Euskal Herriari zuzenduta. Emanaldi elebiduna eskaintzeko asmoz sortzen zen arren, praktikan frantsesa nagusitu da, euskal musika, gaurkotasuna eta kulturari tokia eskainita bada ere. 2000n, berriz, frantziar estatuko irratietan gertatu zen aldaketa medio, France Bleu Pays Basque izena hartu zuen kateak (Urdin Euskal Herri Irratia, euskaraz).

Frantses irrati publikoaren kasuan, ulertzen dut euskarazko eskaintza hautu politiko gisa, frantsesa ulertzen duten herritar euskaldunei zerbitzu publikoa ematea. Susmoa dut, ordea, Hego Euskal Herriko irrati batzuetan eskaintzen diren euskarazko saio gehienek diru-laguntzek ordaintzen duteneraino soilik irauten dutela, eta horiek amaitzean euskal hiztunak isiltzen direla. Hala ere, horiek ez dira txapliguak botatzeko adina, Jaurlaritzak 50.000 euroko kopurua baino ez baitzuen aurreikusi uhinen bidezko erdal irratietan euskarazko emanaldiak babesteko, eta hala ere soilik irrati bakar batek jaso zuen laguntza. Bere aldetik, SER kateak sei ataleko euskarazko podcast bat ekoitzi zuen, Euskararen Islak, bikoiztua ere eskaintzen dutena.

Ez dut oso argi irudikatzen nor den halako saio baten jasotzaile potentziala, Vinilo FMn Nyangak eta biok euskaraz egiten genuen kultur saio horren publikoa imajinatzea kostatzen zitzaidan bezala. Ez dakit horien helburua erdal hiztunei euskara gerturatzea den edo, aitzitik, keinu bat egitea nagiaz edo ohituraz erdal programazioa jarraitzen duten entzule euskaldunei, edo, besterik gabe, balizko dirulaguntzak jaso ahal izateko aitzakia. Baikorra izateko, pentsatu nahi dut euskal tanta horiek euskararenganako grina ureztatzen dutela, eta ez direla erdal basamortuan lurruntzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.