Lide Hernando.
'Ekografiak'

Euskal misterioa

2025eko otsailaren 18a
05:00
Entzun

Orio Produkzioak-ek ekoitzitako saio berri bat iritsi da Primeran plataformara: Argizaiola. Oraingoz, atal bakarra du euskal edukiez goza dezakegun plataforma horretan, baina 30 minutuko edukia ikusita, jada uler daitezke bere tonua eta astez aste eskainiko digunaren nondik norakoa. Eta esango nuke mereziko duela.

Bertan, Wazemank!, Brinkola eta Herri txiki, infernu handi saioetan trebatutako Mikel Pagadi izango dugu aurkezle nagusi. Bere ondoan, atalero, Aitziber Grados aurkezle gaztea egongo da, batik bat Benetan zabiz? bideopodcastean ezagutu izan duguna, Malen Altunaren alboan. Bikote kurioso bezain entretenigarria egiten dute; eta nahiz eta kasu batzuetan Gradosi nabari zaion gidoi bat jarraitzen ari dela, artifizio horrek ere egoki funtzionatzen du komikotasunaren alde. Zeren, bai: ororen gainetik, barregarria da saioa; zer bestela, Pagadi bertan edukita?

Eduki aldetik, Cuatro espainiar katean topa daitekeen Iker Jimenezen Cuarto Milenio saio mitikoa gogorarazten du, baina —eta nik uste honetan asmatu dutela gehien— umore ironiko batez tindatzen dute dena, bertan kontatzen ari direnaz asko fida ez gaitezen, badaezpada. Dena den, sare sozialetan Pagadiren jarraitzaile izan garenok aurretik nabaritu ahal izan dugu bere misterioarekiko zaletasuna; ohikoak dira Gau Beltza gerturatu ahala Pagadik bertan kontatu izan dituen esamesa ilun eta uherrak —gehienak, noski, asmatuak—.

Argizaiola saioaren lehenbiziko atalean, nola ez, heriotza da gai nagusia. Argizaiola bera euskal kulturan betidanik heriotzarekin lotu den elementu bat izan da, eta horri buruzko erreportaje bat ere egin dute atalean, Aitziber Grados Amezketako elizara eramanda. Saioak hainbat azpiatal ditu, denak, imajinatzen dudanez astero dagokion gaiaren inguruan bueltaka ibiliko direnak. Horien artean, Leire Berasaluze kriminologoa ere bertan izango da, Euskal Herrian jazo diren pasarte ilunen berri ematen.

Eszenaratzea ere gaiarekin ongi lotutakoa eta txukuna iruditu zait. Oker ez banago, Aginagako eliza zaharrean kokatu dute saioaren platoa, eta euskal kulturarekin eta, oro har, misterioarekin lotutako sinbolo ezberdinak ikus daitezke bertan. Ni, behintzat, gehiago ikusteko gogoz gelditu naiz!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.