Arantza Gutierrez Paz.
'Irratia'

Euskal Irratiak arriskuan

2024ko urriaren 20a
05:00
Entzun

Kezkatzeko albistea ezagutu dugu aste honetan: Frantziako Gobernuak aurkeztu berri duen 2025eko aurrekontu-proiektuan, elkarte-irratien finantzabide garrantzitsua diren Irrati Adierazpena Sostengu Fondoak %35 murriztea aurreikusten du, edo, beste era batean esanda, 2024ko 35,7 milion eurotik 10 milioi euro gutxiago bideratuko dira hurrengo urtean 750 elkarte irratitara, haien artean, Euskal Irratiak osatzen duten Gure Irratia, Xiberoko Botza eta Irulegiko irratia eta Antxeta.

Murrizketaren berria ezagutu bezain pronto, elkarte-irratiak mugitzen hasi dira eta gobernuak atzera egin dezan presionatzen dute, 200 irrati desagertzea ekarri ahal baitu gillotina kolpetzat definitu duten neurriak, baita adierazpen askatasunaren aurkako erasotzat ere. Izan ere, ez dugu ahaztu behar irrati horiek irrati askeen oinordekoak direla eta horietako askok berrogei urte baino gehiagoko ibilbidea dutela, betiere tokian tokiko zerbitzu publikoa eskainiz, zenbatetan bertako hizkuntza gutxituan, eta akaso horretan mintzo den komunikabide bakarra izanik.

Izan ere, Ipar Euskal Herriko euskarazko irrati gehienak 1980ko hamarkadaren hasieran sortu ziren, ordura arte estatuak zuen irrati-monopolioa bertan behera utziko zuen legea onartu baino lehenago. Hastapenak ez ziren errazak izan; hala ere, euskaraz emititzeko erabakiari eutsi zioten bertako euskal kolektibitatearen sostenguari esker. 1986an, A kategoriako elkarte-irrati moduan legeztatuak izan zirenean, horiek finantzatzeko sorturiko sostengu-fondotik diru-laguntza jasotzeko aukera zabaldu zitzaien, beren bideragarritasun ekonomikoa bermatzeko funtsezkoa zitzaien diru-sarrera, horretarako oso baldintza zorrotzak bete behar bazituzten ere. Gorabeherak izan badira ere, gaur, dudarik gabe, euskal irrati-esparruaren ezinbesteko erreferenteak dira, batera zein banan-banan. Hiritarragoak, Antxeta eta Gure Irratia; nekazari eremuan sustraituak, berriz, Irulegikoak eta Xiberoko Botzak laborantzari toki handia uzten diote, baserritarrek beste inon topatzen ez duten bozgorailua eskainiz.

Orain, Frantziako Gobernuaren asmoa gauzatzen balitz (eta ez naiz baikorra), Euskal Irratietatik ohartarazi dutenez, lanpostuak galduko lirateke. Ausartuko nintzateke esaten euskarazko diala bera arriskuan legokeela Ipar Euskal Herrian. Dena den, itxaropena dut astakeria horren aurrean elkartasunez erantzungo dugula herritarrok.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.