benat erezuma
'Funtzio sigmoidea'

Europa zaharra

2025eko otsailaren 1a
05:00
Entzun

Duela hogei urte, herriko kooperatiban ekoizten ziren sakelakoen plastikozko atal batzuk. Handik gutxira hori egiteari utzi zioten arte, Txinan ekoiztea merkeagoa baitzen. Hala ere, herriko kooperatibak jarraitu du autoentzako piezak egiten; zorionez, eskualdeko ehunka familiaren oinarri ekonomikoa izaten segitzen du.

Eta auto elektrikoen etorrerarekin zerbait aldatu al da? Europako Batasunak azken urteotan horien aldeko hautua egin du. Erosketa bultzatzearen hautua, bai. Eta ekoiztekoa? Europan bertan auto elektrikoak ekoizten diren arren, AEBek eta Txinak hartu dute aurrea teknologia horren garapenari dagokionez. Mundu mailan, 2024ko auto elektrikorik salduenak Tesla eta BYD markako modeloak dira. AEBetakoa bata eta Txinakoa bestea.

Hitz egin dugu sakelakoez, baita autoez ere. Baina zer esan azken urteotan modan dagoen adimen artifizial sortzaileaz? Duela hiru urtetik, esan dezakegu AEBak izan direla eredurik aurreratuena eskaini dutenak. OpenAI enpresaren ChatGPT txatbota dugu horren erakusle. Duela astebete ere, Stargate izeneko proiektu erraldoia aurkeztu du Donald Trump presidenteak hango enpresekin batera. Hurrengo urteotan, 500.000 milioi dolar inbertituko dituzte adimen artifizialeko egitura berria OpenAI enpresa ahalguztidunari eskaintzeko.

Ahalguztiduna esan dugu, baina horrela al da? Ba, azken aste honetan iritsi zaigu Txinatik berria. Askoz ere aurrekontu txikiagoa erabiliz eta 27 aldiz produktu merkeagoa eskainiz, DeepSeek enpresa txinatar gazteak lortu du ChatGPTren pareko txatbota. Horrek hautsak harrotu ditu AEBetako oligarka digitalen artean. Txinatarrak pareko ereduak sortzen, kode irekikoak gainera, eta askoz merkeago? Nola liteke?

Horrek ekarri du AEBetako enpresa teknologiko erraldoi batzuen danbateko itzela burtsan. Baina ikusteko dago epe ertainean jaitsiera horiek baieztatzen diren, edo azken urteotako goranzko joerak jarraituko duen burtsan. Eta, bitartean, Europa zaharra zertan ari da? Dirudienez, bi erraldoien arteko gudaren lekuko soila da. Eta lehia horrek, guk bertan parte hartu nahi ala ez, eragina izango du gure etorkizunean. Gure artean kooperatu behar dugu, lehiakorrak izateko. Bestelako alternatiba dependentzia izango baita.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.