Juan Luis Zabala
EKOGRAFIAK

Etxe-barne hila

2020ko azaroaren 24a
00:00
Entzun

Euskarari buruzko txio-festa handiak izan dira egunotan Twitterlandian, Euskaraldiari buruzkoak ez ezik LOMLOEri buruzko eztabaidaren ondoriozkoak ere. Euskaraldiari buruzkoetan ez bezala, LOMLOEeri buruzkoetan asko eta askotarikoak izan dira euskararen «ez oso aldekoak». Izan da euskarari buruzko ezjakintasun olinpikoa erakutsi duen idazle espainiar ezagunik ere tartean.

 

Txio horietako batean norbaitek —ez dut gogoan nork eta ez dut uste merezi duenik berriro bilatzea— dio Francoren garaian ikastolak sortu zirela, Euskaltzaindia lanean aritu zela eta, hain zuzen ere, Francoren garaian egin zela euskararen batasuna. Hori esanik, kolpe bakar zehatz eta zital batez utzi nahi izan ditu historiatik kanpo hemen Francoren garaian euskararen alde isuritako odol, malko eta izerdi guztiak, alegia deus ez, esanez bezala: «Zertaz kexatzen zarete euskaldunok? Zeuek abandonatu duzue zeuen hizkuntza». Joan Mari Torrealdairen El libro negro del euskera gomendatu behar nion akaso txiolariari, baina ez dut uste irakurriko zuenik.

Txio horren irakurketak are mingarriago egin zidan ostiralean BERRIAren webgunean irakurri nuen albistea: «Eusko Jaurlaritzak telebista bat sortu du adinekoentzat, gaztelaniaz. Agenda Nagusi TV katea Internet bidez ikus daiteke. Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketarako Sailak aurkeztu du gaur».

Lizardiren Etxe-barne bizia etorri zitzaidan burura, haren prosazko lanik ezagunenetako bat. Bere etxeko gorabeheren berri ematen du artikuluan Lizardik, 1933an, ilunabar bateko familia giro goxoa islatuz. Telebistarik gabe, jakina. Zer esango ote luke orain, bizi balitz, 124 urterekin, jakinik ETBk bere adinkideentzat —eta pixka bat gazteagoentzat— telebista kanala sortu duela erdara hutsean?

Gozoa jarriko zen Koldo Mitxelena ere bere 105 urterekin! Aitzol, Orixe, Lauaxeta, Ixaka Lopez-Mendizabal, Antonio Maria Labaien, Polixene Trabudua, Sorne Unzueta, Andima Ibiñagabeitia, Elbira Zipitria, Eusebio Erkiaga, Martin Ugalde... Zer esanik ez Ramon Labaien! Ez al lukete ustezko gogaideen traizio doilortzat hartuko ETBren jokabidea?

Esango dute berriro ere ez dugula zertan kexatu euskaldunok, geu garela geure hizkuntzari gutxien opa diogunak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.