Carrington gertaera 1859. urteko eguzki-erupzio bat izan zen. Historian erregistratutako eguzki-ekaitzik indartsuenetako bat izan zela diote. Garai hartan, martxan zegoen telegrafo azpiegitura txiki batean izandako kableen mozketen eta zirkuitulaburren ondorioz, Europan eta Ipar Amerikan sute ugari izan ziren. Carrington gertaerari, gaur egun, Microsoft-CrowdStrike gertaera deitu geniezaioke.
Hitz egin dute, jada, Microsoften birusen aurkako programaren eguneraketa txar batek sortutako triskantzaz. Carrington gertaeran ez bezala, ordea, arazoak munduko milaka gailutako softwareari eragin dio, aldi berean. Softwarean gertatutakoak, baina, eragin zuzena izan du oinarrizko azpiegitura askotan: osasun sisteman, autopistetan, elektrizitate sarean, aireportuetan, gasolindegietan, eta erakunde publiko zein pribatuetako kudeaketa sistemetan.
Estatuek eta maila guztietako administrazioek ustez kontrolatzen dituzten sistemak, benetan, AEBetako enpresa batek azpikontratatutako beste enpresa baten esku daudela ikusteko modu argia izan da. Horrela, argi gelditu da burujabetzaren eta demokraziaren aurka botere publikoek beren herrien kontra eginiko azpilana, eta, era berean, teknologia burujabetza herri burujabetzarako ezinbestekoa dela erakutsi du.
Zalantzak uxatuta, galdera airean dago: nork eraikiko du teknologia burujabetza? Metaforek ere egiten gaituztenez, erantzuna, akaso, «airean» dagoela esan daiteke. Gure ibaiak lehortzen dituzten hodeien (teknologikoen) aurrean, airea behar dugu. Aire (teknologiko) berria, osasuntsua, kutsatu gabea... Digitalizazioa hori baita: bizitzeko beharrezko dugun airea. Etorkizunean ere arnasteko aukera izateko, teknologia burujabetza beharrezkoa dugu horretarako. Bestela, aire garestia, mugatua edo kutsatua arnastera behartuko gaituzte. Metaforak aparte utzita, eraikuntza hori denona ardura da; airea bezala, denok zaindu beharrekoa.
Utzidazue, azkenekoz, aire hori hauspotzen ari direnetako batzuk aipatzen: Euskal Wikilarien Elkartea, Librezale, Hezkuntzan Librezale, Game Erauntsia, Teks Elkartea, Abaraska, Badalab, Ixa Taldea, UEU, Euskal Herria Digitala… Eta agendako bi egun aipatzen ere bai: irailaren 11n eremu digitaleko hizkuntza politikaz gogoetarako bilkura egingo dute Andoainen, Kontseiluak deituta, eta, irailaren 26tik aurrera, Hackmeeting-a, Oreretako Gaztaño auzoan. Aire!