urtzi urkizu
'Pantailen artean'

ETAkoak Torrenteren eran

2024ko urriaren 13a
05:00
Entzun

Oharra: datozen lerroetan La infiltrada filmaren spoiler bat edo beste topa dezake irakurleak. Bigarren oharra: joan den ostegunean Donostiako Garbera zinema aretoetan proiektatu zuten pelikula aurrenekoz, eta Arantxa Etxebarria zuzendariak (Bilbo, 1968) oihu egin zuen hasi aurretik: «Sekulako pelikula bat da». Ez da, ba, eta zerbaitegatik ez zuten hautatu Donostiako Zinemaldian.

Bi emakume jakintsuren hitzak, mamira joan aurretik. Lorea Agirrek aste honetan bertan BERRIAn: «Guk geure burua kontatu eta pentsatu behar dugu, gure esperientzia bitaletik; bestela, besteek kontatuko digute zer garen. Beti ari gara kanpoko begiradaren markoan geure burua pentsatzen». Garazi Goiak sarri erabiltzen duen esaldia, honako hau: «Guk ez badugu egiten, guri egingo digute».

Bai ba, berriz ere egin digute. La infiltrada filma benetako gertaeretan oinarrituta dagoela diote ekoizpena saldu dutenek, nahiz eta 1990eko hamarkadan gertaera haiek bizi izan zituztenekin ez duten hitz egin. Emaitza manikeoa eta demagogoa dela esatea gutxi esatea da. Ekoizpenaren atzean nor dago? Santiago Seguraren Bowfinger International Pictures konpainia. Beste ekoiztetxe batzuk ere badaude tartean. Eta diruaren parte handi bat Atresmedia taldeak —Antena3 eta La Sexta— jarri du. Baina hara non, Euskal Telebistak ere parte hartu du ekoizpenaren finantzaketan. Eta modu horretan, filma euskarara bikoiztuko dute —jatorrizko bertsioan euskarazko hitzek %5 betetzen dute, gutxi gorabehera—.

Filma: 'La infiltrada'.
Carolina Yuste aktorea, 'La infiltrada' filmean. MIKEL BLASCO

Istorioak zer kontatzen duen entzun ahal izan da egunotan EITBko irratietako iragarkietan, baita ETBn bertan ere. Espainiako Poliziako emakumezko agente gazte bat sator gisa sartuko da «ezker abertzalearen munduan» lehenbizi, eta ETAko Donostia Komandoan gero. Torrenteren eran kontatzen dela agerikoa da, aretoetan krispeta betekada batekin irensteko —Segurak sortutako pertsonaia da Torrente: polizia ohi faxista, arrazista eta misoginoa. Bost film egin ditu pertsonaiarekin—.

Batetik, Gipuzkoako hiriburuan hainbat astez grabatu zuten arren, hiriaren izena ere ez dakite ondo idazten. Donosti, 1991, Donosti 1995... irakur daiteke pantailan. ETAkoak Santiago Seguraren edozein pelikulatatik ateratako karikaturak dira: haietako bat inozoa, tuntuna eta atentatuak egiten ezgauza, eta bestea Torrente bera bezain zikina eta matxista, eta Benjamin Netanyahu baino gaiztoagoa. Sator protagonista sentibera da, bai, eta Carolina Yuste aktoreak interpretazio txukun samarra egiten duela ezin da ukatu. Gainontzean, ez dago testuinguru politikorik, ez dago aipamenik 1990eko hamarkadako egoera nondik iritsi den azaltzeko. Hiltzaile gaiztoak eta polizia txintxoak, eta suspense apur bat, satorra deskubrituko ote duten. Gidoia lotsaz gorritzeko modukoa da. Eta nola ez ba: Herriko Taberna ETAkoekin lotzen dute.

Filma: 'La infiltrada'.
Luis Tosar aktorea, 'La infiltrada' filmean. MIKEL BLASCO

Oso adierazgarria da amaierako kredituetan irakur daitekeen esaldia: «Las fuerzas y cuerpos de seguridad del Estado vencieron a la banda terrorista» (Espainiako Estatuko segurtasun indarrek garaitu zuten talde terrorista). Hori da pelikularen egileek Euskal Herrian gertatu denaren eta ETAren amaieraz duten tesi ideologikoa. Baina hori guztia ere egin zitekeen eskaintza zinematografiko erakargarri batekin. Artistikoki ere filmak ez du tutik balio, ordea.

ETBri galdetu beharko litzaioke filmean izan duen parte hartzeaz, gogoratzekoa baita telebista publikoak ez dituela lagundu izan gatazka politikoarekin lotutako lan batzuk, Gogora Institutuak babesa ematen ez bazien. Horraino zoru etikoaren parte bat.

Netflixen ere sator bat

Ikus-entzunezkoen bidez kontakizun partzial bat egin nahia ez da gaurko kontua. Patria liburuarekin eta izen bereko telesailarekin egin zutena gogoratu beharrik ez dago. 2020ko Donostiako Zinemaldian estreinatu zuten telesaila. Orain La Infiltrada heldu da, eta laster iritsiko dira gehiago.

Netflixen 'Un fantasma en la batalla'.
Netflix plataformaren 'Un fantasma en la batalla' filmeko lantaldea. NETFLIX

Netflix plataformak ETAn sartu zen sator baten inguruko beste pelikula bat egin du, 1990eko hamarkadan girotua hori ere. Baina kasu horretan satorra ez da Espainiako Poliziarena, Guardia Zibilarena baizik. Eta Un fantasma en la batalla deitu duten filmean, behintzat, ez dute iragarriko benetako gertaeretan oinarrituta dagoela. Hemendik gutxira estreinatuko du plataformak fikziozko film hori, thriller bat. Agustin Diaz Yanes da gidoilaria eta zuzendaria (Madril, 1950), eta ekoizle eragileak J. A. Bayona, Belen Atienza eta Sandra Hermida. Susana Abaitua aktoreak egiten du satorrarena.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.