Jokin Labaien.
EKOGRAFIAK

Estrategia berriak

2018ko uztailaren 24a
00:00
Entzun
Ez da entzuten dudan lehen aldia. Eta, hala ere, aldiro zur eta lur uzten nau; entzuten dudan aldiro. Gero eta bikote harreman gehiagok gatazkak dituzte, hain zuzen ere, bietako batek elkarrekin ikusten ari diren telesailaren hurrengo kapitulua ikusi nahi eta bikotearen zain egon gabe ikusten duelako. Fideltasunik eza iruditzen zaio hori gero eta jende gehiagori. Harremanak bukatzea ere ekarri omen du. Bikote terapiatan lantzen da. Izena ere jarri dio norbaitek, noski, Netflixen mesedetan. Elkarrizketa eta erreportajeetan psikologo eta adituen teoriak eskaintzen dituzte. Niretzat, funtsean, gizakiok bizi dugun gainbeheraren beste adibide bat baino ez da. Txikikeriei edo arinkeriei so gabiltza, gure esku ez dauden eta guk kontrolatu ezin ditugun joeren atzetik, aitzakia bila, benetan garrantzitsuak diren gaiei bizkarra eman eta gure egunerokoa tristatuz.

Aditu horietako bati irakurri diot izatez ona dela telesail bat elkarrekin ikusteko ohitura hartzea. Esan nahi duela, egunerokoaren abiada bizi eta eroan, tarte bat hartzea elkarrentzako. Sortzen duela lotura bat elkarrekiko. Baliteke hala izatea. Sinesten dut halakoek ekar dezaketela elkarrenganako ilusio bat.Nekeza egiten zait, ordea, sinestea ohitura hori apurtzeak benetan halako kaltea eta mina eragiten duenik. Egon behar da, atzean, beste zerbait, ezin bada elkarren parean eseri eta konpondu.

Eta horretan guztian, tamalez, irabazle irteten direnak gugandik hain urruti baina gugan hain sustraituta dauden enpresa edo konpainia erraldoiak dira. Estrategia zehatz eta zorrotzez, kontu korronte lodi-lodiz eta puztu-puztuz, ustez gure zerbitzura jarduten diren eta benetan gure ezjakintasunaren kontura bizi diren erakunde horiek, zehatz-mehatz. Ulertzeko zaila da, bestela, haien ekoizpenak, azkenerako, nola bihurtzen diren gure bizitzetan bestelako gaietan eragiteko gai. Nola iritsi diren eragitera gure ohituretan, pentsaeran, harremanetan, ordutegietan…

Erakunde berri horiek ez dira hori egiten bakarrak. Lehengoek ere, telebistak berak ere, egin dute halakorik. Ordea, oraingo hauek badute jarduteko modu desberdin bat, basatiagoa, eta kolpera iristeko gaitasuna. Badirudi jende ona dutela atzean, ezagutzen duena zer eta nola egin behar den, hain azkar, gure ohiturak aldatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.