Beti izan naiz apur bat masokista telebistari dagokionez. Gaizki sentiarazi behar nindutela jakinda ere, hamaika saio arreta osoz ikusteko gai nintzen garai batean. Are gehiago! Onartu beharrean naiz, hain justu, horregatik ikusten nituela. Bai, gaizki sentitzeak, haserretzeak, halako erakargarritasun bat sortzen zuen nigan. Eta bai, lehenaldian ari naiz, azken urteetan, menpekotasun hori alde batera utzia nuelako. Hala ere, tabakoa uzten saiatu zaretenok ederki dakizuen moduan, menpekotasuna beti dago hor, ate atzean zure zain, defentsak noiz jaitsi eta zure lepora jauzi egiteko pest.
Pasa den astean berrerortze bat izan nuen, tabakoarekin, bai, baina baita telebistarekin ere. Twitterren, Euskal Autonomia Erkidegoan hainbeste saltzen den egunkari horietako batean agertutako zutabe batekin topo egin nuen. Bertan irakurritakoaren arabera, TVE telebista kate publikoko Españoles en el mundo saioa Iparraldean izan behar zen. Zutabea irakurri bezain pronto, Maria Teresa Camposen debate politiko guztiak irensten nituen garaietako mamuak itzuli ziren nire burura, eta ezinezkoa egin, saio horri Ekografiak bat ez eskaintzea.
Egunkarian Iparralde aipatzen zuten, baina saioan, behin bakarrik entzun nuen termino hori. Gainontzekoan, País Vasco Francés erabili zuten. Saioaren hasieratik euskal musikarekin bonbardatzen gaituzte —Huntza, Sorotan Bele, Itoiz, Anne Exegoien, Kepa Junkera, Berri Txarrak...—, baina euskara eta euskal kultura hori besterik ez dira, zirkunstantzialak. Une batean, bertan bizi den espainiar bati entzuten diogu euskaldunak (Hegoaldekoak) eta frantziarrak (Iparraldekoak) nahastuta daudela. Espainiarrak euskalduntasun txartelak banatzen... Sutan jarri ninduten ahots guztien artean, izan ziren, ia indarrez, beste ikuspegi bat sartzen saiatu zirenak. Alde batetik, Aviron Rugby taldeko presidente izan zen eta 6 urte dituenetik Baionan bizi den Extremaduran jaiotako Manuel, eta bereziki, Palmako Catalinarekin ezkonduta dagoen Fernando donostiarra.
Maskaradetan elkarrizketatu zuten neskari utziz gero ere, ziur beste ikuspegi bat eskainiko zigula berak ere, baina ohitura «onak»ez galtzeko, euskaldunak frantsesez jarri zituzten hemen ere. Guk egiten badugu, nola ez dute beraiek egingo.