Lide Hernando.
'Ekografiak'

Esker ona beharrezkoa da

2024ko irailaren 26a
05:00
Entzun

Hamaika telebistak 2024-2025 ikasturterako estreinatu dituen saioetako bat da Esker onez. Bertan, saioz saio, Nafarroako pertsonaia publiko bat elkarrizketatzen dute, bere ibilbidea errepasatu eta gertatu zaizkien gauzen aurrean esker ona adieraziz. Atal batzuk ikusi ditut euren webgunean, eta uste dut oso premisa polita duen lana dela. Elkarrizketa hutsean oinarritutako saioa da, aurreko astean ekarri nuen Intimitatean programaren gisakoa, nahiz, kasu honetan, elkarrizketatzaileak ez duen protagonismorik hartzen, gonbidatuengan arreta guztia jarriz.

Izenburutik hasita, interesgarria eta oso onuragarria iruditzen zait gonbidatuak euren ibilbideak eman dizkien opariekiko esker ona adieraztera bultzatzea. Askotan, sortzaile gisa, ahaztu egiten zaigu bideak eman dizkigun aukerak eta guk geuk egindako lorpenak baloratu eta eskertzea, bidean ondoan izan ditugun pertsona horiek emandako babesaz gain; eta gehiago zentratu ohi gara izan ditugun arazo, egonezin eta akatsetan. Izan artista, kirolari edo politikari, pertsona publiko baten ibilbideak asko du presiotik, aurreiritzitik edota kritikatik; baina baita fokupean egoteak dakarren miresmenetik eta erosotasun batetik ere. Azken aspektu hauek azpimarratzea garrantzitsua da, eta horretara bereziki zuzendutako saio bat egin izana eskertu behar zaio Hamaika Telebistari.

Azkenaldian iruditzen zait diskurtso publikoak asko egin duela baikortasunerantz. Biraketa onuragarria edo kaltegarria izan, egia da gero eta errezelo handiagoarekin begiratzen zaiola edozer gauzari punta atera nahian dabilenari. Ez dakit zeren sintoma den hori: ezkortasunez enpatxatu garelako izan daiteke agian, edo, besterik gabe, sare sozialek ahalbidetutako azaleko baikortasuna da horren erantzule. Kontua da, on edo txar, niri behintzat azkenaldian gorputzak gauza baikor gehiago ikusteko eskaera egin didala, eta Esker onez bezalako gauzek sentsazio polit egonkor bat uzten didatela barnean.

Aipatu beharra, hala ere, Nerea Urbizuk atal batean egiten dioten elkarrizketan aipatzen duena: gaur egun jada horren ezaguna den Ene Kantak bezalako saio nafar bat ETB3n emititu eta Nafarroako leku askotan oraindik ezin ikustea salatzekoa da. Kritika batzuk egin behar dira oraindik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
BERRIAk ahotsa ematen die gizarte justu baten alde egiten duten mugimenduei. Urriaren 3a baino lehen 100 euroko ekarpena eginez gero, 'Gazako egunerokoa' liburua jasoko duzu opari.