Berrogei urte bete dira Nausicaä filma estreinatu zenetik, eta, horregatik, zinema aretoetan estreinatzea erabaki dute. Hayao Miyazakik zuzendutako animaziozko film japoniarra da, Topcraft estudioak ekoitzia, geroago Ghibli estudioa bihurtuko zena. Miyazaki benetako gertakarietan oinarritu zen —50eko hamarkadan Japoniako Minamata hirian izandako merkurio bidezko pozoitze agerraldi bat— filma oinarritzen den Manga komikia sortzeko. Etorkizun urrunean girotuta da filma. Apokalipsi bat gertatu eta mila urtera, Lurraren parte handi bat Fukai izeneko onddo batez estalita dago. Kontakizunaren erdigunean kokatzen den protagonista Nausicaä da, Haize Haraneko printzesa. Zinema aretoko ateak gurutzatu eta segituan, etxean, Hayao Miyazakiren obra berrikusteko gogoa piztu zitzaidan. Oroitu nintzen, gainera, Euskal Encodingseko lagunei esker —beste behin—, horietako asko euskaraz ikusgai daudela. Chihiroren bidaia, Ipurtargien hilobia, Totoro auzokidea eta Mononoke printzesa ikusi ditut: zer-nolako gozatua! Ederki zahartu diren izenburuak iruditzen zaizkit guztiak; ez naiz beren alor tekniko edo estetikoagatik soilik ari, muinean dituzten mezu ahaltsuengatik baizik, adibidez ingurumenarekin lotura dutenak. Sarritan, a priori sinplea dirudien alegia baten aurrean kokatzen gaitu Miyazakik, baina mezu ekologista ahaltsu bat tarteko, planetaren etorkizuna geure esku dagoela gogorarazten digu. Gizakiok naturarekin dugun harremana eta ezezagunaren aurrean sentitzen dugun beldur irrazionala maiz errepikatzen dituen mezuak izaten dira. Askotan esan izan dut Miyazakiren filmetan bizitzea gustatuko litzaidakeela —ez guztietan, jakina—.
Ghibliren gai hau iragan asteko albiste pozgarri batekin lotu nahiko nuke, eta bide batez, eskaera bat egin: «Pantailak Euskaraz eta Filmin plataforma lankidetzan aritu dira azken hilabeteotan, eta horri esker euskarazko ehun azpititulutik gora gehitu ditu plataformak katalogoan». Imajinatzen dut ez dela batere erraza izango, baina saiatu egingo naiz; honatx, beraz, nire eskaera Primeran eta Makusikoentzat: euskaraz dauden Ghibli estudioko filmak zuen katalogoan txertatzea. Zoragarria izango litzateke.