benat erezuma
'Funtzio sigmoidea'

Esatariaren berbak

2025eko urtarrilaren 25a
05:00
Entzun

Astelehena, arratsaldeko zazpi eta erdiak. Gernika-Lumoko Jai Alai frontoiaren kanpoaldean dago EITBren kamioia, zesta-puntako partida emititzeko prest. Barruan, taberna jendez lepo. Jazz musika entzuten da bozgorailuetatik. Frontoiko esatariak mikrofonoa hartu eta bertaratu garen 1.500 ikusleoi adierazi digu partida hastera doala. Badoa bakoitza nor bere aulkira.

Pilotariak prest dira. Hasi da ikuskizuna. Tantoen artean musika entzuten da ozen: Willis Drummond, Gorka Urbizu eta New Order taldeen doinu itsaskorrek giroa berotzen dute. Euskal Herri osotik iritsitako zaleak ditugu astero bertan. Hor esertzen dira Gasteizko zesta-puntako klubekoak, han daude Zumaiakoak, Iparraldetik etorritakoak ere gure inguruan dira. Ispaster, Berriatua eta Markinatik ere jende andana; zer esan Busturialde osotik gerturatukoez. Bateko eta besteko alderdi politikoetako kideak ere hor daude, gonbidatuen aulkietan.

Berezia da giroa. Pilotarien artean entzuten ditugu voy, aire eta lasai. Esatariak mikrofonoa eskuan duela, partidaren inguruko iruzkinak eskaintzen ditu, era dibertigarrian, jokalariak animatuz, zaleak xaxatuz. Euskaraz. %100. Zesta-puntaren katedralean sartzen zaren momentutik bertatik, badakizu euskara dagoela erdigunean, txapelketak Winter Series izena badu ere.

1990eko hamarkadan hain modan zegoen glocal kontzeptua datorkit burura. Ingelesezko global eta local hitzen arteko elkarketatik sortu zen. Kasu honetan, tokiko identitatea eta tradizioak mantendu eta sustatuz, mundu mailako molde batzuk erabiliz. Txapelketako antolatzaileek hilzorian zegoen kirola berreskuratzen lagundu dute. Bertoko eta kanpoko erreferentzia garaikideak txertatu dituzte, euskara dagokion tokian kokatuz, anbizioz. Bidea zein den erakutsiz.

Amaitu da partida. Sakelakoa hartu eta egunkarian irakurri dugu notizia: EITBko sare sozialek eta Eitb.eus-ek badute zuzendari berria. Eta ez daki euskaraz. Frontoitik pasatu ezkero, agian ulertuko lituzke New Order talde ingelesaren Blue Monday abestiaren hitzak, baina ez frontoiko esatariaren berbak. Lastima!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.