Jokin Labaien.
EKOGRAFIAK

Esanahia

2018ko uztailaren 19a
00:00
Entzun
Zer esanahi dauka, 2018ko uztailean, telebista kate batek sofan eserita dagoela eta atzean Ez dago Harana ukitzerik leloa duen argazkia eta Francisco Francoren irudia dituen gonbidatuari elkarrizketa egiteak? Zer esanahi pertsona horri mikroa eskaintzeak esateko orain arteko erregimenen artean onena Francorena iruditzen zaiola? Zer esanahi hura elkarrizketatzen tematzeak haren argudioak baldin badira Erorien Haranean protestan bildu zirenak lau katu ez direla eta Francoren gorpuzkiak bertatik ateratzeak espainiar gisa dauzkaten eskubideak urratzen dituela? Zer esanahi, eztabaida behar dela erabakiz gero, Movimiento por España deritzon elkarte bateko kidea egoki eta interesekoa dela erabakitzeak?

Abiapuntu horretatik aurrera, Tele5 kateko Ya es mediodía saioan gertatua erraza da sinesten. Baita mintzaideak Francoren garaiaren defentsa egin, haien jardunari lotutako berriak gezurrezko gisa definitu eta arranodun bandera legezkoa dela defendatzea ere. Nago, beste behin, sasieztabaidek benetako eztabaidak itzalean uzten dituztela, horretarako dagoen saio motak, gaien eta gonbidatuen aukeraketak eta beste hainbat faktorek eraginda. Nago, beste behin, gakoa ez dela edonork edozer gauza adierazteko eskubidea duen edo ez zehaztea. Batzuetan baietz iruditzen zait, bestetan ezetz. Lortu behar genuke, ordea, horren gainetik jartzea helburuak eta funtzioak, intentzionalitatea eta hainbat jarrera jokoz kanpo uzteko desira.

Genuke diot; izan ere, aspaldi utzi nion Tele5eko programazio eta edukiengatik urdaileko ultzerak izateari. Orain, programazio eta eduki horiek gure probintzia batzuetan duten jarraipen ikaragarriak sortzen dizkidate zauri odoltsuak. Ideologikoki gustuko ez ditugun arren, barruko arrak asetzen dizkigutelako emanaldi horiek. Haiek badakite, sendo ukatzen dugun arren, ez garela haiengandik hain desberdinak, eta, 2018ko uztailean, elkarrizketatuaren jarduna eta tonua erabat lekuz kanpo dauden arren, horrek ikusleak erakarriko dituela.

Horra gakoak: zer nahi dugun, gaurko arazoei lotutako edukiak egoki eskainiko dituen programazioa, edo kazetaritzaren izenean abiapuntu okerrak aukeratuta audientziaren lidergoa mantentzeko edozertarako gai dena; eta ea bagaren koherentziaz aukera egiteko gu desberdinok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.