urtzi urkizu
'Pantailen artetik'

Ertzainak hika

2025eko apirilaren 13a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Jakina da ertzainen gomazko pilotek hil zutela Rosa Zarra, 1995ean. Jakina da ertzainen pilotakadek hil zutela Iñigo Cabacas, 2012an. Ez du askorik asmatuko esaten duenak fikzioan poliziak modu batean ageri direla eta errealitatean bestelakoak direla. Nonbait irakurritakoa da zinema eta telesailak direla munduan polizia «zuritzeko» tresnarik indartsuenak.

Baina behin hori gogoratuta, beste ikustaldi bat merezi du 1999. urteko Ertzainak telesailak. ETBko telesail horrek denboraldi bakarra izan zuen, eta zazpi atalak Primeran plataforman ikus daitezke. Ez zen, noski, ordu hartan Euskal Herrian bizi zen gatazka politikoa islatzen —hala zen ETBren beste fikzio guztietan—, baina hori alde batera utzita, bertute ugari izan zituen telesail hark.

Tentazioa ekoiztetxearen lehen lan indartsua izan zen hura. Sortzaileak Eneko Olasagasti, Carlos Zabala, Mireia Gabilondo, Fernando Bernues eta Patxo Telleria ziren. Aktore protagonistak, Jose Ramon Soroiz eta Joseba Apaolaza: izaera desberdineko bi ertzain ziren haiek, eta hika egiten zuten elkarren artean. Horrez gain, bi protagonista horien garunean sortzen ziren burutazioak ere agertzen ziren, baina hori soilik ikus-entzuleak entzuten zuen, ez parean zegoenak. Aktore taldea primerakoa zen; Aitor Mazo eta Idoia Sagarzazu zeuden, kasurako —biak ere behar baino lehenago hilak—. Baina baita Mireia Gabilondo eta Carlos Zabala sortzaileak ere. Baita Martxelo Rubio, Ane Aseginolaza, Joxe Kruz Gurrutxaga, Kandido Uranga, Mikel Sarriegi, Isidoro Fernandez, Maiken Beitia, Kike Diaz de Rada... Azken hori ere goizegi hil zen, iaz, 64 urte zituela. Kontua da Primeran-ek aukera ematen duela Mazo, Sagarzazu eta Diaz de Rada berriro pantaila txikian ikusteko.

Bergarako (Gipuzkoa) ertzain etxearen gorabeherak erakusten zituen telesailak, eta atal bakoitza autokonklusiboa zen, hau da, istorioa hasi eta buka kontatzen zen. Euskarazko polizia telesail bizia zen hura, dekoratu naturaletan grabatuak baitzeuden eszena ugari. Pertsekuzioak ere baziren, korrika eta autoz. Hau da, euskaraz ordura arte (ia) ikusi gabeko kontuak.

Arantzazu Loidi

Gaur egundik begiratuta, bestalde, deigarri egiten da zein gidoi onak zituen 1999ko telesail hark, eta zein euskara bizia erabiltzen zuten elkarrizketetan. Hor bazuten meritua gidoilariek eta elkarrizketen idazleek; bazuten meritua aktoreek, noski —Soroizen eta Apaolazaren interpretazioak txapela kentzeko modukoak dira—, baina euskara arduradunak ere bazuen zeresana horretan. Arantzazu Loidi bertsolari eta itzultzailea (Aretxabaleta, Gipuzkoa, 1967) aritu zen euskara zuzentzaile eta arduradun. Eta nabarmentzeko modukoa da, Ertzainak telesailean entzuten den euskara zoragarri sartzen baita belarrietatik. Ez litzateke txarra, etorkizunean euskarazko telesailak egiten direnean, sortzaile eta gidoilariek Tentazioa ekoiztetxearen lan hura ikustea, telesail haren hizkuntza eredua aintzat hartzea.

Gero, dena esan behar da: 26 urte pasatu dira, eta hizkuntza aldatzen den tresna bat da. Gaur egun erabiltzen diren hitz asko ez ziren erabiltzen orduan, eta orduan erabiltzen ziren esaldi batzuk, akaso, ez dira baliagarriak 2025erako. Baina, edonola ere, Ertzainak-en elkarrizketak erreferentziatzat har daitezke erabaki batzuk hartzeko orduan.

Ertzainak taldeko aktore taldea
Ertzainak telesailaren aktore taldea, 1999an. ETB

Go!azen telesailaren azkeneko bi denboraldietan, Mikele Arizkorreta eta Kimetz Etxabe aktore gazteak hika mintzatu dira elkarren artean, eta ez da ezer gertatu. Inork ez dio utzi telesaila ikusteari horregatik. Ez litzateke bide hori moztu behar, ez euskal telesail berrietan, ez bikoizketan ere.

Eta errazago da esatea egitea baino, noski. Zeren egin zena egina dago, eta Ertzainak telesaila ez da itzuliko; bestalde, oraindik ez dago argi Goenkale revival delakoa noiz iritsiko den. Baina errazago sartzen da begietatik eta belarrietatik zazpi ataleko Ertzainak-en sorta, duela 20-30 urteko Goenkale-ren atalak baino.

Portzierto, Ertzainak-en seigarren atalean Xabier Euzkitze ageri da aktore lanetan. Pilota partida batzuetako apustuetan izandako iruzurra da atalaren ardatza, eta Euzkitzek rol txikia baina polita egiten du. Ez du batere gaizki egiten bere rola.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.