urtzi urkizu
Prentsa

Erresistentzia istorioak

2023ko azaroaren 26a
14:34
Entzun

Javier Milei ultraeskuineko hautagaiak bozak irabazi ostean, Argentinak zer bide hartuko duen hizpide izan da egunotan komunikabideetan. Argi da politika neoliberalek ez dutela ezer onik ekarriko herrialde horretan —Donostiako Zinemaldian, saridun argentinarrek kezka azaldu zuten zer gertatuko ote den kulturarekin—. Hego Amerikako herrialde hartan gertatzen denaren berri izateko modu bat izan daiteke Buenos Airesko Tiempo Argentino egunkariak egiten duen kazetaritza independentearen artikuluak irakurtzea.

Azaroaren 10ean, Tiempo Argentino egunkariaren inguruko De la resistencia a la existencia dokumentalaren Europako estreinaldia egin zuten Hernanin (Gipuzkoa), Hariak jaialdian. Hain justu, Erresistentzia Istorioen Zinemaldia da Hernanikoa, eta, bigarren urtez, Kulturarteko Plaza Feminista herritarrez bete zen, istorio horiek ezagutzeko. Han izan zen, gainera, egunkariko kooperatibaren presidente Malena Winer, proiekzio osteko solasaldi aberasgarrian. Egunkari hori 2010. urtean sortu zuten, baina handik sei urtera, jabeek eskrupulurik gabeko enpresari bati saldu zioten. Mauricio Macri zen orduan Argentinako presidente, 2016. urtean. Eta enpresari jabe berriak talde bat bidali zuen erredakzioa hustera; dena suntsitzera, gauez, eta Poliziaren begiradapean. Langileak ez ziren mutu gelditu: erredakziora sartu ziren, kazetaritza egiten jarraitzeko asmoz. Proiektua atxiki, eta langileen kooperatiba bat sortu zuten. Herritarrei kazetaritza independentea eskaintzeko. Oztopoak oztopo, gaur egun Buenos Aires inguruan erreferentziazko kazeta da Tiempo Argentino. Kazetarien erresistentzia istorio mamitsu hori jaso du Pablo Lecarosek aipatutako dokumentalean. Solasaldian, Winerrek oztopoen artean aipatu zuen Argentinan paperarekin darabilten sistema iluna. Horrenbestez, egunkariarentzat sekulako ahalegina da egunero paperezko edizioa kioskora eramatea. Benetan garesti baitago papera.

De la resistencia a la existencia dokumentalaren trailerra (gaztelaniaz).

Hariak Erresistentzien Istorioen Zinemaldian, bestalde, Armeniako bi film labur interesgarri ikusi ahal izan ziren: Anahide, Arnaud Khayadjanian zinemagilearena, eta Tombé, Diana Kardumyanek zuzendua. Horrez gain, Araks Sahakyan artista armeniarrak erakusketa eder bat jarri zuen Kulturarteko Plaza Feministan, eta Nuit Blance izeneko perfomancea jokatu zuen. Ikuskizun horretan, olerki bat euskaraz errezitatu zuen artistak. Azaroaren 4an, Sahakyani egindako elkarrizketa bat argitaratu zen BERRIAREN azkeneko orrialdean. Haren hitzak: «[Nire lana] erresistentzia pertsonala da, bai. Konturatu nintzen ezin nuela idatzi adierazi nahi nuena, eta uste dut ordutik hasi nintzela margotzen». Borroka pertsonal eta kolektiboak artearen bidez transmititzeko abilezia du Sahakyanek. Ezagutzea merezi duen artista da.

Mendebaldeko Sahara

Palestinan, azkeneko asteetan, hirurogei kazetari baino gehiago hil ditu Israelek. Pentsatzekoa da nazioarteko kazetari elkarteek orain arte egin duten baino gehiago egin zezaketela egoera tragiko hori salatzeko. Palestinan bizirik gelditzen diren kazetari eta fotokazetariek egiten duten lana, bestalde, oso aintzat hartzekoa da. Erresistentzia ezinbestekoa, mingarria bezain gogorra.

Duela egun gutxi, bestalde, Kristina Berasain Tristan kazetariak (Lizarra, Nafarroa, 1973) Sahara. Herri bat erresistentzian liburua aurkeztu du (Aleka bilduma: BERRIA, Jakin, Elkar). Berasainek hala dio liburuan: «Aspaldi ohartu nintzen saharar batekin hitz egitea liburu bat irekitzea bezalakoa dela. Den-denek dute liburu bat. Pertsona bakar baten bizitzaren bidez, herri oso baten historia idatz daiteke». Espainiako Gobernuaren makina bat traizio jasan ditu Mendebaldeko Saharak. Gerra gupidagabea jasaten ari den herri bat da. Komunikabide handien pantailetatik desagertua den gatazka bat. «Axolagabekerian eta ahanzturan erori da Mendebaldeko Sahararen gatazka», esan du Berasainek, gaiaz euskaraz argitaratu den lehen kazetaritza liburua aurkeztean. Beste erresistentzia istorio bat. Tentuz jarraitu beharrekoak dira guztiak, munduko leihoetatik begiratu nahi izanez gero.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.