Zutabe honetan idatzi nuen testu bat irakurri zuen M-k. Ez naiz sekula berarekin aurrez aurre izan, birtualki baino ez dugu elkar ezagutzen. Testua irakurri ondoren, Mastodon sare sozialera jo zuen. Mezu bat idatzi zidan, galdetuz ea Katixa Agirreren Berriz Zentauro liburua irakurria nuen. Ezetz erantzun nion, irakurtzeko zerrendan nuela. Gustatuko zitzaidala aipatu zidan. Etxetik irten, auzoko liburutegian sartu eta bertan aurkitu nuen gomendatutako liburua; han zegoen, bere orrialdeak berriro irakurriak izateko prest.
XXI. mendearen erdialdean kokatzen da istorioa. Paula izeneko emakumea da protagonista. Hari esker deskubrituko dugu egoera eta garai berezia. Eta etorkizunean kokatzen bada ere, errealitate birtualari esker bidaiatuko dugu liburuan Parisera, eta ezagutuko dugu XVIII. mendeko Mary Wollstonecraft, diotenez, historiako lehen feminista modernoa izan zena. Paularen eskutik ere generoaz hausnartuko dugu, maitasunaz eta ama izateaz. Liburua amaitu ondoren, mezua bidali nion Katixari, liburuagatik zoriondu nahi nuen. Ez dugu elkar ezagutzen; eta sare sozialak baliatu nituen mezua bidaltzeko.
Esan bezala, M-rekin inoiz ez naiz izan, Katixarekin ere ez. A ere ez dut inoiz aurrez aurre izan, ez dugu elkarri begietara begiratzeko aukerarik izan. Sare sozialetan jarraitu diot, bere txioak arreta handiz irakurri izan ditut. Eta X plataforma utzi zuenean, han joan nintzen bere atzetik Mastodon.eus-en izena ematera.
Eta sare sozialetan jarraitu eta arreta handiz irakurtzen ditudan alfabetoko kide gehienak ere ez ditut inoiz parez pare izan. Zeroak eta batak dira ordenagailuaren pantailaren atzean. Nire errealitate birtualaren parte dira, parte zarete.
Etimologikoki, «errealitate birtuala» ulertuko genuke «ahalmen edo bertutearen bidez sortutako errealitatea» dela, hau da, ez dena fisikoki benetakoa, indar edo teknologia baten bidez existitzeko ahalmena duen ingurunea edo esperientzia dela. Eta badut sentsazio gazi-gozo bat honekin guztiarekin, bizitzen ari garen garaiarekin. Eta gogoratzen dut gertuago dugula 2050. urteko udazkena, 1997ko udaberria baino.