Ez nuke inoiz imajinatuko bizitza honetan nire eleberririk gogokoenetariko bat pantailan ikusteko pribilegioa izango nuenik. Ahal ere, ez nuen uste horrelako lan literariorik inoiz irudietara modu arrakastatsu batean egokitu ahal izango zenik; nola plasmatu errealismo magikoa, hain ebokatzailea eta surrealista den genero literario hori, ikus-entzunezko euskarrira? Bada, bai, posible da. Eta ederra da, eta hunkigarria. Netflixen, Gabriel García Marquezen obra magna, Cien años de soledad alegia, telesail bihurtuta ikus daiteke, eta zin degizuet benetan merezi duen esperientzia bat dela.
Liburuak ikus-entzunezkoetara egokitzearen kontrako diren horiei guztiei, nik behintzat zera esango nieke: eseri eroso sofan, jarri Netflix –baldin baduzu–, eta ikusi Cien años de soledad telesaileko hamasei atalak. Badakit egokitzapen batzuek ez dutela literaturazale garenon konfiantzan asko laguntzen; sarritan ikus-entzunezko lanek liburuaren trama laburtu behar izaten dute, idatzitako istorioaren iraupena luzeegia izaten delako iruditan jartzeko; eta besteetan, besterik gabe, hobe delako irakurritakoa buruan imajinatzea, casting batek inposatutako pertsonen fisikora mugatuta baino. Nolanahi ere, ekoizpen kolonbiar horrek ezinezkoa zena lortu du: Macondo herriko eguneroko bitxia irudietara eramatea. Horretan, noski, pisu berezia izan du argazki zuzendaritzak: irudia beste gauza askoren artean gailentzen da, plano bakoitza koadro bihurtuz kasik, irudiz idatzitako poesia izateraino.
Baina irudiaz gain, poetikoa da narratzailearen mintzaldi bakoitza ere. García Marquezen ahotsa balitz bezala imajina dezakegu, eta botatzen duen esaldi bakoitza –liburuan ere topa daitezkeen esaldiak, bide batez– lirismoaren podiumean enmarkatzeko modukoa da.
Gertakari jakin baten inguruan baino, familia baten 100 urteetan zeharreko ibilbidea kontatzen digu Cien años de soledad liburuak –eta, orain, baita telesailak ere–. Ez da korapiloa sustatzen duen gertakari lazgarririk, ezta klimax berezirik ere; atal bakoitzean gertatuz doazen gauza bitxiek sortzen dute lan honen ehundura konplexua; edo ibaia, ze horrela deitu baitzioten Gaboren nobelari: ibai-nobela bat. Superekoizpenek batzuetan poesiaz betetako lanak egin ditzaketelako seinale dugu hau.