Max plataforman dagoen El minuto heroico: yo también dejé el Opus Dei telesail dokumentala ikusi berri dut, eta ez dakit deskribatzen zer sentitu dudan. Eta hau ez da puztutako erreakzio bat plazaratu aurretik egin ohi den beroketa-esaldi bat; bene-benetan ez dakit esaten zer den hori ikusi ostean sentitu dudana. Ez baita erraza denok aspalditik ezagutzen dugun sekta ikaragarri hori benetan zein ikaragarria den ikusi eta nola erreakzionatu jakitea.
Ez, El minuto heroico telesailak ez dit jadanik ez nekien ezer kontatu; baina bai balio izan dit nekien hori muturren aurrean jarri eta azala harrotzeko. Eta horretan datza, nire ustez, dokumental honen indarra: ikusleari gogorarazten baitio berak ere bazekiela bere inguruan zer gertatzen ari zen, eta inork ez duela oraindik ezer egin sekta hori suntsitzeko. Zeren eta, nola da posible Opus Dei bezalako erakunde batek horren eremu grisean jarraitzea gaur egun, legez kanpoko hainbeste barrabaskeria egin ostean?
Opus Deitik ateratzea lortu duten herrialde ezberdinetako hamahiru emakume elkarrizketatu ditu Monica Terribas zuzendariak lau ataletan banatutako dokumental honetarako. Espainiako, Kataluniako, Irlandako, Erresuma Batuko, Mexikoko eta Erdialdeko Amerikako beste herrialde batzuetako testigantzak topa ditzakegu bertan; denak bat datozenak, denak izugarriak. Haien ahotan, sekta baten funtzionamendu perfektua deskribatzen duten hainbat pauso ezagutuko ditugu: nola erakarri zituzten, zein arau erori jarraitu behar zieten euren egunerokoan, nola lortu zuen antolakuntza hertsi horrek emakume horien konfiantza lapurtzea, edota zenbat kostatu zitzaien bertatik irtetea, behin erabakia hartu ostean. Hainbesteko xehetasunarekin kontatutako testigantza horiek entzutea benetan lazgarria da.
Aspektu arinagoetara igaroz, forma aldetik interesgarria egin zait dokumentala. Halakoetan ohikoena izaten da testigantzak aktoreek eginiko errekreazio batzuekin tartekatzea; baina kasu honetan errekreazioa apur bat harago doa: Claudia Traisac aktoreak gorpuzten ditu testigantza guztietako emakumeak, eta bere eszenez gain, eszena horien grabaketa ere ikus dezakegu kanpotik, non bertan dauden emakume elkarrizketatuek Traisaci hau eta beste nola egin gomendatzen dioten.