Adolescence telesailaren estreinaldiak plano sekuentzien erabileraren inguruko eztabaida interesgarria piztu du. Baliabide hori ekarpen artistiko esanguratsua izan badaiteke ere, sustapen-helburuetarako soilik erabiliz gero, beste gabezia narratibo edo formal batzuk disimulatzeko ere balio dezake, eta hori arriskutsua eta batez ere tranpatia da.
Plano sekuentzia bat egoteak, berez, ez du ikus-entzunezko lan baten kalitatea handitzen; baliabide hori nola integratzen den eta nola laguntzen duen istorioaren garapenean, hori da garrantzitsuena. Zentzu horretan, kontakizunaren beharren menpe egon behar du, eta ez birtuosismo teknikoaren erakustaldi batera mugatu.
Telesail horren kasuan ez da funsgabea: pertsonaiek inguratzen dituzten tentsioetatik ihes egin ezin duten bezala, ikusleak ez du atsedenik izango eta publikoaren eta ekintzaren arteko hesi ikusezin hori ezabatu egingo da.
Pantaila txikiaren historiak adibide bikain ugari ekarri dizkigu: The Haunting of Hill House, Mr Robot, X files-eko 3x16 atala edota True Detective-eko 1x04, adibidez, ikusgarriak iruditzen zaizkit. Garunean iltzaturik dudan izenbururik deigarriena, ordea, L'effondrement frantziarra da. Zortzi atal dituen miniserie paregabea da, eta kapitulu horietako bakoitza plano sekuentzia bakar batean grabatua dago. Hasieran ezagutzen ez dugun gertaera jakin batek gizartearen erabateko kolapsoa eragin du. Zortzi gertaera independente dira, bakoitza kolapsoa eragin duen gertaeratik egun kopuru jakin batera kokatua. Bakoitza denbora errealean grabaturiko emozioen errusiar mendi bat da, non abentura, akzioa, drama eta larritasuna lehen pertsonan eta ekintzaren barnean egongo bazina bezala biziko dituzun, ia bideojoko batean egongo bazina bezala. Larrigarria eta frenetikoa da.
Badira, ordea, errekurtso ikusgarri hori trakeski erabili arren, telesail jakin bat saltzeko argudio gisa erabiltzen dutenak. Ganoragabeko adibide ugari dauden arren, La casa de papel telesailaren kasua aipatuko dut. Zenbait ataletan, plano luzeak erabiltzen dira, baina plano horiek ez dute informazio garrantzitsurik ematen, ez dute murgiltze handiagorik sortzen, eta beharrizan narratibo bat baino gehiago, erakustaldi tekniko bat dirudite.