urtzi urkizu
'Pantailen artetik'

Erabakiak

2025eko otsailaren 2a
05:00
Entzun

Zinemak argi asko pizten ditu gizartean dauden arazoen eta gaien inguruan. Brady Corbet zinemagilearen The Brutalist da horren erakusle ona: XX. mendearen erdiko hamarkadak zeharkatzen ditu istorioak —hiru ordu eta 35 minutuko iraupena du; eskerrak 15 minutuko atsedena baden gauza batzuk egiteko...—. Eta pelikulak muturreko galanta ematen dio amets amerikarrari; Ameriketako Estatu Batuetara kanpotik etortzen direnei gaur egun egiten zaien harrerarekin alderatu daiteke, noski. Klasismoa, boterekeria, berekoikeria, nartzisismoa, zaintzaren kontraesanak... Gai horiek eta gehiago urratzen ditu filmak, sakon. Artikulu hau osorik pelikularen inguruan izan zitekeen, baina baditu hamar hautagaitza Oscar sarietan, eta bueltatuko da Pantailen artetik tarte honetara.

The Brutalist filma.

Zinema erraldoian ez ezik, zinema txikiagoan ere aurki daitezke argi izpiak. Film labur ttipi bat da, adibidez, Pentsatzen dut. Artista bat da protagonista. Ama den artista bat, kontziliazio arazo gordinak dituena. Eta prekaritatea jasaten duen artista bat, aldi berean. Badoa erakusketa bat ikustera, lagun batekin. Umore finez, gauza asko kontatzeko gai da denbora laburrean Pentsatzen dut ederra. Oiartzungo (Gipuzkoa) Martzelina Bertsozale Elkarteko Iraitz Mateo Gogorzak, Karmele Mitxelena Etxebestek eta Alaia Martin Etxebestek zuzendu dute lana, Martinek berak idatzitako gidoi bat oinarri duela —bai, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako azken txapelduna, bai—. Aktoreak Amaia Ruiz de Galarreta, Barbara Rivas eta Oier Gillan dira. Eta fikziozko lana den arren, sustraian dagoena oso benetakoa da.

'Pentsatzen dut' film laburra
Pentsatzen dut film laburraren afixa.

Telebistarako egiten den fikzioari dagokionez, ez dago esan beharrik nolako indarra duten telesail batzuek; nolako sakontasuna eta finezia. Eta gaitegian izan dezaketen eragina. Alauda Ruiz de Azuak zuzendutako Querer telesailak (Movistar Plus) gidoirik onenaren eta telesail dramatikorik onenaren Feroz sariak jaso ditu berriki. Ruiz de Azuak hartu zuen erabakia bikote barruko sexu indarkeriaz hitz egiteko, eta Nagore Aranburu aktorea hautatu zuen rol protagonista jokatzeko. Aktorerik onenaren Feroz saria jaso zuen urtarrilaren 25ean Aranburuk, Pontevedran (Galizia). Eta esker oneko hitzetan, amaieran saria «attari» —Joxe Aranburu zenari— eskaintzea erabaki zuen, 12 urte zituela antzerkiko entseguetara eramaten zuela gogoratuz. Asko esaten du horrek aktorearen aitaz.

Nagore Aranburu aktore euskalduna Feroz sariarekin, Pontevedran.
Nagore Aranburu euskal aktorea Feroz sariarekin, Pontevedran, urtarrilaren 25ean. LAVANDEIRA / EFE

Aurretik, Aranburuk Forque saria ere irabazi zuen, abenduaren 14an. Telesail berean egindako lanagatik. Ongi mereziak ditu aitortza guztiak.

Estrategia gaztelaniaz

Izango da aukerarik datozen hilabeteetan Aranburu beste telesail batean ikusteko. Euskaraz, gainera. Zeru ahoak estreinatuko baitu Primeran plataformak aurten; eta Hondar ahoak-en bezala, Aranburuk Nerea Garcia protagonistaren rola jokatzen du.

Telesail berri horren estreinaldiaren estrategia gaztelaniaz pentsatutako bileretan egingo dela aurreikus daiteke, ordea. Kontuan hartu EITBko eta plataformen (Primeran, Makusi, Guau...) sare sozialen estrategia garatzeaz eta sorkuntza berrien webguneak kudeatzeaz arduratzen dela Nagore De los Rios, eta, EITBko erredakzio kontseiluek ohartarazi dutenez, langileek gaztelania hutsean izan dituzte lan harreman eta bilera guztiak harekin. EITBko Euskara Batzordeak ere salatu du asteon egoera: adierazi du gutxietsi egin dela euskararen ezagutzaren eskakizuna. Bat egin dute adierazpen horrekin EITBko hedabide guztien langile batzordeek eta erredakzio kontseiluek.

EITBk Bilboko bere egoitzaren fatxadan ere harro erakusten du gaztelaniaren alde egiten duela, euskararen kaltetan. Datu garrantzitsua da EITBko arlo digitaleko zuzendariak euskaraz ez jakitea, zalantzarik gabe. Eta beste datu argigarri bat da EITBk bere egoitza nagusiaren fatxadan ETB2ko saio bat promozionatu zuela udazkenean eta neguaren hasieran: Vaya semanita. Joan den astean hasi eta ekainaren amaiera bitartean, ETB2ko gaztelaniazko beste saio bat du erakusleihoan: El Conquistador. Kasu horretan, sare sozialen estrategia garatzen duenak ez du hizkuntzarekin arazorik izango.

Erabaki horiek EITBko zuzendaritzak hartu ditu. Eta zinema garaikidea gizartearen ispilu den gisan, euskararen kontrako oldarraldiek —indarraldia lortzeko asko falta da— badute ispilurik telebistaren munduan. Euskal Irrati Telebista publikoaren erabaki kontzienteek eragindakoak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.