Lide Hernando.
'Ekografiak'

Entretenimenduan aberats

2025eko martxoaren 20a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Plataformen errege Netflixek inoizko bere film garestiena estreinatu duela entzun dut. 300 milioi dolarreko kostua izan omen du. 320, hobe esanda; txikikeria baten puntualizazioa izan daiteke, baina aizu, 20 milioiren aldeaz ari gara. Zuk ikusi dituzu inoiz 20 milioi dolar? Nik ez, ezta sekula ikusiko ere.

Kontua da dirutza hori erabili dutela Electric State izeneko bi orduko lan baterako. Datuen arabera, historia osoan hamabost film inguruk gainditu dute langa hori. Horietatik gehienak —asmatuko zenuten— superheroi eta abentura frankiziak izan dira: Marvel eta DCko zenbait, Indiana Jonesen azkenak eta Pirates of the Caribbean saileko batzuk, kasurako. Hain zuzen ere, Marvelen familiako End Game eta Infinity War arrakastatsuak ontzeaz arduratu diren Russo anaiak izan dira gaur hizketagai dudan filmaren egileak. Electric State filmak ere nobela grafiko bat du oinarri: Simon Stalenhag-ek 2018an ateratako lan homonimoak irakurleak konbentzitu zituen, batez ere haren irudietan robotez beteriko unibertso distopiko baten errekreazio ebokatzailea egiteagatik.

Filmak, ordea, ez du gauza bera lortu. Estreinatu denetik kritika kaskarrak besterik ez du jaso, horietako gehienak dirutza hori efektu digitaletarako eta aktore famatuak sartzeko soilik erabili izana jopuntu. Eta ni, lintxamendu publikoak batere gustuko ez ditudan arren, asko pozten naiz aho-bakarreko kritika honetaz, badirudielako azkenik denok gauza berari eman diogula balioa: istorioek egiten dutela zinema, eta, istoriorik egon ezean, ez dagoela robot steampunk hiperrealistarik hori ahantzaraziko digunik.

Ez naiz hasiko orain azaltzen, beste kausa baterako beharrean, entretenimendu hutserako 320 milioi dolar xahutzeak zenbateraino amorrarazten nauen; besterik gabe, amorruaren fokua film honen gidoi mengel, azaleko eta arimagabean jarriko dut. Zertarako sortu mundu distopiko bat, bertan drama sinesgarririk egongo ez bada? Zertarako kontratatu Holly Hunter bezalako aktore kontsakratu —eta, imajinatzen dudanez, garesti— bat, traman inongo pisurik ez duen pertsonaia bat egiteko?

Ez diot entretenimendu hutserako filmak egin behar ez direnik. Bai, ordea, hausnartu agian ez dela kasualitate hutsa ekoizpen horiek aurrekonturik handienak behar izatea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.