Lide Hernando.

Enpatia geldiarazlea

2024ko apirilaren 30a
05:00
Entzun

Badakit askoren ahotan dagoela —hori du, azken finean, artalde baten gero eta antz handiagoa duen gizarte honetan bizitzeak—, baina nik ere ikusi dut Baby Reindeer telesaila Netflixen, eta, inpaktatuta gelditzeaz gain, ezin nuen horren inguruko hausnarketa bat geroagorako utzi. Gaizka Izagirrek aurreko astean idatzi zuen horri buruz, eta, beraz, telesailaren ikuspegi osatuago bat nahi baduzue, jo dezakezue bertara.

Izagirrek aipatu bezala, barne gatazkak eta traumak azaleratu eta irudiaren lengoaia berriekin azaltzeko helburua du telesail honek, beste hainbat lan bikainen ildotik jarraikiz: I May Destroy You, The Virtues, In my skin edota Selftape, besteak beste. Behin traumen kutxa zabalduta, ni behintzat bereziki ukitu nauen gai bat jorratzen du Baby Reindeer telesailak: enpatiarena. Zehazki, indar geldiarazle gisa funtzionatzen duen jazarlearekiko enpatia.

Richard Gadd lan honen idazle eta aktoreak gorpuzten duen pertsonaiak hainbat alditan aipatzen du, off-eko ahotsean, bere jazarlea den emakume psikologikoki gaixoarekiko enpatiaren kontua. Batzuetan agerikoa dena gehiegi azaltzen duela iruditzen zaidan arren, off-eko ahotsak badu helburu pedagogiko —nire ustean— beharrezko bat. Zenbat jazarpen kasu ikusi ditugu, zeinetan —gehienetan emakumea den— biktimak jazarlearekiko duen gehiegizko enpatiak salaketak atzeratu edota, kasurik larrienetan, deuseztatu dituen? Akaso ez al da hori indarkeria kasu gehienetan gertatzen dena? Fikziotik at, bizitza errealeko pertsonak ez baitira zuri edo beltz, on edo gaizto; aitzitik, hainbat arrazoiren —deitu sinesmen, egoera psikologiko, hezkuntza-arazo— menpe jokatzen dute kasu gehienetan. Beraz, jazarpena bezalako ankerkeriak egiten dituztenean, euren biktimek jazarlearen akzioak justifikatzearen joera, zoritxarrez, oso ohikoa da.

Horrek ere bigarren irakurketa bat dakarrela iruditzen zait: gizakiak, bizirauteko senak bultzatuta, ezin duela kontzebitu norbaitek, inongo arrazoirik gabe, gaiztakeria hutsez, berari mina eragitea. Ondorioz, beti justifikatuko ditu jazarlearen akzioak, beste zerbaiten biktima bihurtuz. Eta, karanbola arraro bezain logiko batez, askotan bihurtuko da biktima bera, bere jazarlearen akzioak hauspotuko dituen errudun.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.