Sareetan Valentziako DANAren hondamendiak eragindako txikizioak ikusi, eta administrazioaren zuloren bat edo beste agerian geratu den bitartean —bide batez, besarkadarik estuena zorigaitzak zuzen edo zeharka kaltetutako guztiei—, hain justu fenomeno meteorologiko batekin zerikusia duen telesail bat ikusten aritu naiz Netflixen. Udan Islandia ezagutzeko aukera izan dut, eta bertan grabatutako ikus-entzunezko materialaren bila nenbilela, Trapped telesailarekin egin dut topo —Ófærð, izenburu originalean—.
Elur ekaitz batek isolatuta utzitako herri islandiar txiki batean, Danimarkatik iritsitako ferry bat ez atzera, ez aurrera gelditzeaz gain, hildako gorpu bat topatzen dute kostan. Reykjaviketik laguntzarik bidali ezin dutenez, herriko udaltzaingoko hiru kideak dira gertatutakoa ikertu ahal izango duten bakarrak. Ez dut spoilerrik egingo esaten badut telesail honetan ere botereak eta administrazioak hartutako erabakiek egoera oraindik muturrerago eramango dutela.
Andri da protagonista, iraganean Reykjavikeko Poliziako kide izan eta bere herrira itzultzea erabaki duen udaltzaina. Olafur Darri Olafsson aktoreak egiten du bere papera. Dudarik gabe, telesaileko aurpegirik ezagunena da; izan ere, estatubatuarra da jaiotzaz, eta, besteak beste, Fantastic Beasts sagan edota Eurovision song contest: the story of fire saga film komikoan ikusi ahal izan duzue. Gainontzeko aktore-zerrenda —luzea, esan beharra dago, pertsonaiaz beteriko istorio horietako bat baita— ezezaguna egin zait, eta egia esan, polita eta onuragarria iruditzen zait tarteka ezagunak ditugun aurpegietatik ihes egitea.
Nordic noir-ean sar genezakeen lan hau, thrillerra ikustera ohituta zaudetenontzat, ez da genero honen baitan dauden milaka izenen artean azpimarratzeko modukoa, baina bai entretenigarria. Egia da pertsonaia batzuen profilak ez daudela behar bezala landuta; tramak behar duenean, honen zerbitzura dagoen zerbait egiten du ordura arte hori egingo ez lukeen norbaitek, eta ikusleak hori jan beste erremediorik ez du. Dena den, ikusle bezala, ariketa osasuntsua iruditzen zait beste kultura batean ekoizten diren lanak ikusteko ahalegina egitea, betiko anglofiliatik urrundu eta, hortik at, gauza asko egiten direla ziurtatzeko.