gorka julio
Irlen sarea

Elon Musk badoa

2024ko uztailaren 20a
05:00
Entzun

Elon Muskek iragarri du SpaceXen eta Xen (lehenago Twitter) egoitzak Kaliforniatik (AEB) Texasera (AEB) lekualdatuko dituela, Kaliforniako genero identitateari lotutako lege berri baten ondorioz. Muskek lege hau kritikatu du, familiak eta enpresak Kalifornia uztera behartzen dituela adieraziz.

Kalifornian, ikastetxeetako langileek ikasleen sexu orientazioa edo genero identitatea adingabearen baimenik gabe argitzea debekatzen duen legea onartu da, AEBetan lehen aldiz. Neurri hau, ikasleen genero identitatea edo sexu orientazioa errespetatzen ez duten familietan bizi diren ikasleak babesteko onartu dute.

Ez da lehen aldia Elon Muskek horrelako adierazpenak egiten dituena, eta ezta ere bere boterea presio tresna bezala erabiltzen duena. Bere botere ekonomikoaren bidez, politikan eragiteko saiakerak etengabekoak dira. Azken asteetan, Trumpen kanpainari emandako 45 milioi dolarreko dohaintza horren adibide da. Horrekin batera, beste hainbat aberats ere Trumpen kanpainara atxikitzeko helburuarekin dihardu, bere jabetzako X sare sozialaren bidez.

Pertsona hauen esku jartzen ari gara gure komunikazio gaitasunaren parte handi bat. Ez dut dudarik, tresna guztiak erabiliko dituztela beren nahiak aurrera eramateko. Norbaitek pentsatzen du, adibidez, X sare sozialeko algoritmoak ez dituela mezu batzuk nabarmentzen eta beste batzuk baztertzen?

Seguruenik, beste edozein tokitan onartuko ez genituzkeen jarrerak onartzen ari gara. Askatasunaz hitz egiten duten mezu faxista, homofobo, arrazistak… ahalbidetzen ditugu, benetako askatasuna mezu horiek gabeko mundu bat litzatekeenean.

Tresna hauek erabiltzen jarraitzeari uzteko arrazoi asko dago jada. Erabiliz gero ere, ez promozionatzeko erabakia ere hor dago. Uste dut, baina, ordua iritsi dela beste tresna batzuetara benetan salto egiteko. Gurean baditugu Fedibertsoko tresna ezberdinak, horietako bat da Mastodon.eus, baina bakoitzak aurkituko du bere zapore gogokoena fedibertsoa.eus webgunean.

Sare sozialak aldatzearekin ez da nahikoa, baina hori ez luke ezer ez egiteko aitzakia izan behar. Estrategia oso bat beharko dugu, lege debekuetatik hasita, beste tresna batzuk ezarri edo laguntza publikoen bidez sustatzeko. Eztabaida publikoak garrantzitsua izaten jarraituko balu, algoritmo ireki eta gardenetan oinarritutako tresna aniztasuna ezinbestekoa izango litzateke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.