Mendealdean beldurraren diskurtsoaren gorakada bizitzen ari garela, orain Europar Batasunak herritarroi aholkatzen digu bizirauteko kit bat prest izateko. Barre egingo nuke negargura eragingo ez badit horren atzean dagoen gerra-mehatxuak eta armagintza-industria indartzeko beharrak. Hala ere, mezu positiboa topatu dut nik: premiazko pakete horretan piladun irrati-aparatua sartzeko beharrak agerian uzten du hedabide txiki horrek duen garrantzia, krisi-egoeretan bereziki. Dena den, aukeran biradera-irratiak hobetsiko nituzke, horien bateriak agortzeko arriskua ez baitago; ez dakit, ordea, labe-xomorroak eta arratoiak manipulatzeko gai izango diren, kataklismoaren ondorengo garai batean.
Luze hitz egiteko ematen du bai Europako agintarien okurrentziak bai irratiaren zerbitzu-balioak, baina aste honetan komunikabide horrekin oso loturik dagoen elkarrizketa generoaz hitz egin nahi dut. Saiatu naiz ikasleei azaltzen ez dela mikroak ireki eta galderak egitea, dokumentazio- eta ekoizpen-lan handia exijitzen duen formatua baizik, eta, askotan, hasten garenean nora eramango gaituen ez dakigula, hein handi batean gonbidatuaren esku geratzen baita onik ateratzea.
Guau plataforman bi elkarrizketa-saio berri ditugu entzungai, oso ezberdinak eta, aldi berean, ezaugarri batzuk partekatzen dituztenak. Batetik, Katixa Agirrek eta Andoni Mutiloa/Jokin Ameztoik gidatzen duten Eneagrama dugu, kultur sortzaile batzuen pertsonalitatea edo dagokien eneatipoa ezagutzeko aitzakiaz lagunen arteko solasaldia. Bestetik, Gaizka Izagirrek aurkezten duen Klaketa, non, euskal film bat hizpide hartuta, horren erraiak ezagutzeko aukera dugu bertan hartu duen profesional baten ibilibidearekin batera. Azpimarratuko nuke aktoreak edo zuzendariak ez diren gonbidatuak ere, ez hain ezagunak, pasatuko direla saiotik.
Bi saioak audio eta bideo formatuetan eskaintzen dira, ordu erdi inguruko iraupena dute, eta lagunen artean eta konplizitate-giroan garatzen dira. Lehenengoan pertsona ezagutzea da helburua, eta joko moduan aurkezten da, bereziki bigarren partea non adituak azaltzen dio bederatzi eneatipotik zein den berea. Klaketa-n, berriz, amaitzeko test moduko bat egiten zaio gonbidatuari, zine-gustuen bidez hobeto ezagun dezagun. Saioan zehar, aukeraturiko pelikula-zatiak tartekatzen dira, eta, nire aburuz, hori da saioaren alderik ahulena, erreferentzia bisualak egiten direla, entzule soilek ikusi ezin dutela ahaztuta.