gaizka izagirre
Ekografiak

Eliseo bueltan da

2024ko uztailaren 17a
05:00
Entzun

Zenbat gozatzen dudan El encargado telesailarekin; hirugarren denboraldia iritsi da. Suspensezko generoaren zertzelada batzuk dituen arren, ekoizpen dibertigarria eta ikuserraza da. Sortzaileak Mariano Cohn eta Gastón Duprat dira;ia banaezina dirudien bikotea, Argentinako zinema eta telebista zuzendari eta ekoizleak dira. Beraien lehen lanak bideoarte eta zinema esperimentalarekin lotuak zeuden arren, apurka publiko orokorrari zuzendutako ekoizpenak egin dituzte. El hombre de al lado filmarekin egin ziren bereziki ezagunak eta bere estiloaren oinarriak finkatzeko balio izan zuen izenburua izan zen: umore beltza eta konbentzionalismoari egindako kritika ia filmografia osoan zehar topatu daitezkeen osagarriak dira. El ciudadano ilustre filmarekin nazioarteko arrakasta lortu zuten eta Oscar Martinez aktoreak gainera, Veneziako Zinemaldian saria irabazi zuen. Geroztik Competencia oficial filmak eta Nada eta Bellas Artes telesailek arrakasta nabarmena izan dute.

Itzul gaitezen El encargado telesailera. Buenos Aires hirian girotua, klase altuko eraikin batean lan egiten duen Eliseo atezainaren istorioa azaltzen du. Eliseo atsegina eta adeitsua da, baina istorio honetako ustezko heroia dena, gaizkilea ere bada aldi berean; bere ohiko jarduna burutzeaz gain, bertako jabe eta maizterren sekretu guztiak biltzen ditu, bakoitzaren bizitza pribatuan murgiltzen da, eta informazio horrekin zalantzagarriak diren akordioak egiten ditu. Atezaina da, baina baita zelataria eta espioia ere. Premisa nagusi horretatik gatazka nagusi bat ere jaioko da: ez du lanik gabe geratu nahi, eta horretarako eskura duen botere hori guztia bere mesedetan erabiltzen saiatuko da. Hasiera zirraragarria du, oso erraz katigatuko zaitu telesailak. Atalak igaro ahala, umore beltza eta ironia izango dira narrazioaren helduleku nagusiak, eta etengabeko ezusteak ikusteko aukera izango duzu, sorpresak ia etengabeak dira. Guillermo Francellak lan paregabea egin du Eliseo gorpuzten eta eraikin horretako mikrokosmos berezi hori muinetik ezagutzeko aukera emango dizu. Gidoiari dagokionez, apur bat sinesgaitzak diren une txiki batzuk dituen arren, biziki gomendatzen dudan telesaila da, atalak bata bestearen jarrian irensteko paregabea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.