Arantza Gutierrez Paz.
Irratia

Ekoiztetxeak

2024ko uztailaren 7a
05:00
Entzun

Lehenengo urratsa izan zen ohiko programazioaren bidez eskaintzen ziren irratsaioak entzungai jartzea Interneten, zuzeneko emanaldia –osorik edo partzialki– nahieran aditzeko aukera zabalduz. Ondoren, norberaren hargailuan jasotzeko beta izan genuen, audioblogak sortzen hasi ziren aldi berean, eta, azkenik, sakeleko telefonoen hedapenak eta audio plataformen eta app-en ugaritzeak ekarri zuten podcast-en garapena (ez naiz arrakasta esatera ausartzen). Podcasten zabaltzearekin batera, berezko edo jatorrizko saioak sortzen hasi ziren, hau da, irrati-emanaldiez aparteko bizitza dutenak. Entzuteko era aldatu zen: katea aditu beharrean, hautatutako saioen kontsumoa hedatzen hasi zen.

Tradizionalki, soilik irrati handiek zuten gidoi-egile, aktore eta idazleen zerrenda lantaldean; gainerakoetan, aldiz, irrati egileek (profesionalak ala ez) informazioa, animazioa eta fikzioa lantzen ohi zituzten, bereziki Hego Euskal Herrian, non ez diren bereizten aurkezle-animatzaileen eta esatari-kazetarien ikasketa eta lanbideak. Hori dela eta, oso gutxi ziren kanporaturiko ekoizpenen bidez egindako saioak, fikziozkoak ia guztiak.

Gaur, berriz, EITB Podkast atarian eskaintzen diren saioei begiratuta, egiaztatzen dugu gero eta ugariago direla ikus-entzunezko ekoiztetxeek egindako saioak, horietako gehienak enkarguz. Orain arte, horietako gehienek telebistarako ekoizpenak sinatzen zituzten, eta bakar bat, Ulu Media, berez entzutea merezi duten istorioak azaltzeko sortu zen; gainerakoen webgunetan, berriz, podcast edo audio-istorioen kontakizuna atal bat baino ez dela erraz ikus daiteke.

Ekoizpenean emandako aldaketak, aldiz, harago doaz. Irratian, saioen denboraldia bat dator ikasturtearen iraupenarekin, eta maiztasun jakin batez eskaintzen dira, programazio baten barruan eta estilo jakin batek markatuta. Podcasten kasuan, denboraldiaren iraupena eskainiko diren atal kopuruak markatzen du, eta, arrakasta balu, ondorengo denboraldiak programatuko lirateke, saio bakoitza independentea da, nortasun propioa duena.

Giza eta teknika-bitartekoak optimizatzeko aukera zabaltzen du kanpo-ekoizpenak, baita Ikus-entzunezko enpresen negozio-kartera zabaltzekoa ere. Gustatuko litzaidake, gainera, horrek Ikus-entzunezko graduatuentzako lan eskaintza berriak zabaltzea, eta ez sormen-arloan orokorrean ematen den prekarizazio egoeran sakontzea. Eta bide berriak diot, ez baitut uste podcastek irratiko izarrak hilko dituztenik… 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.