gaizka izagirre
Telebista

EITBk zu sukaldaria izatea nahi du

2024ko urtarrilaren 10a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Zinemarekiko sentitzen dudan grinaz harago badira bereziki maite ditudan beste zenbait alor ere, horien artean gastronomia. Maite dut jatea eta baita kozinatzea ere. Ez naiz bereziki trebea, baina tira, saiatzen naiz ahal dudan guztietan, behintzat, errezetekin jolasten. Gainera, ez dakit zer duen gastronomiak, baina pantailan jendea kozinatzen ikusteak erlaxatu egiten nau. Hipnotizatua geratzen naiz platerak nola konposatzen dituzten ikusten, eta sukaldaritzarekin lotura duten ia saio guztiak ikusten ditut. Dokumentalak izan ala fikziozko telesailak izan, sinopsian «gastronomia» irakurtzea argudio nahikoa izaten da niretzat proposamen horretan bi aldiz pentsatu gabe murgiltzeko.

Egun gutxi barru estreinatuko dute Sukaldarien liga saioa. Horren aitzakiaz, EITBk saio mota horrekin duen obsesioaren zergatia jakin nahiko nuke. Azken lauzpabost urteotan egon diren batzuk zerrendatuko dizkizuet jarraian —Primeran-ekoak albo batera utziz, hor ere badira eta—: euskaraz, Joseba Argiñano sukalerrian, Jateko modukoa, Txoriene, Karabana, GastroNomadak eta Altxa Txapela; gaztelaniaz, A bocados, Baserri gourmet, Tupper club, Historias a bocados, Oído cocina, Juego de cartas, Restaurante sin barreras. Ziur nago baten bat ahaztu dudala, baina tira. Laster Sukaldarien liga iritsiko da. 50 sukaldari profesional zein amateur izango dira nor baino nor gehiago, eta Ainhoa Etxebarriak gidatuko du saioa. Euskal Herriko sukaldari onenaren titulua eskuratzea izango dute helburu. Uste dut Euskal Herrian sukaldaritzaren eta jatearen inguruan dagoen pasioa eta maitasuna agerikoa dela. Baita ni bezalaxe asko zaretela telebista bidez horrelako saioekin gozatzen duzuenok. Baina, gainerako eduki motekin sortu duten basamortua kontuan izanik (fikzioan, kultura saioetan…), beharrezkoa al da sukaldaritzarekin loturiko hainbeste saio ekoiztea? ETB1ek beherantz egin du 2023an, bi hamarren galdu ditu: %2,2ko ikusle kuota izan zuen 2022an, eta %2koa lortu du 2023an. Benetan uste duzue etengabe sukaldaritzari buruzko saioak egitea dela bidea? Asko poztuko nintzateke saio berri horrek arrakasta izan eta datu horiek hobetuko balitu; hala izango balitz ere, programazioan aniztasunhandiagoa merezi dugula uste dut.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.