gaizka izagirre
'Ekografiak'

Egileen aztarnaren bila

2025eko otsailaren 5a
05:00
Entzun

Ekoizpen erraldoiak eta komertzialak zinemaren industrian nagusi diren honetan, arrakasta komertziala lortzeko bidean, benetakotasuna galtzen ari den sentsazioa daukat azken boladan. Remake, sekuela eta frankizien kontuekin aspertu samar nago.

Geroz eta gehiago baloratzen dut egile zinema deiturikoa, topatzen dudanean: zuzendari jakin baten nortasun artistikoa eta narratiboa islatzen duten film edota telesailak deskribatzeko erabiltzen den esamoldea da.

Zinemaren munduan, urte hasierako albisterik deigarriena David Lynchen heriotza izan da zalantza izpirik gabe. Zuzendari estatubatuarrak arrasto sakona eta ezabaezina utzi du zineman, telebistan eta pop kulturan oro har, ikus-entzunezko narratibaren mugak bere estilo bereizgarri eta bakarrarekin josi dituelako. Egile zinemari buruz ari garenean Lynch adibide ona iruditzen zait: edozein izenburu jarri eta segundo gutxiren buruan antzeman daiteke berea dela. Hark erakutsi digu zinema ez dela entretenimendua soilik, pertzepzioaren mugak zabaltzeko eta apurtzeko gai den arte mota oso boteretsu bat baizik.

Hark sortu zuen Twin Peaks telesaila, adibidez, egile zinema delakoaren multzoan sartuko nuke; telebistan istorioak kontatzeko modua irauli zuen. Drama, misterioa, surrealismoa eta umorea nahasi zituen Lynchek eta gerora jaioko ziren hainbat telesailetan eragin ikaragarria izan zuen.

Txanponaren beste aldean, publiko zabala erakartzeko eta harpidetzak bereganatzeko diseinatuta dauden telesailak ageri dira; arrakastatsuak dira, baina nortasunik gabeak, ezinezkoa da egiletzaren arrastorik topatzea. Alex de la Iglesiaren 1992, esaterako: kaskarra izateaz gain, De la Iglesiaren arrastorik ez dut inondik topatu. Antzeko ehunka adibide aipa nitzake, algoritmoaren garaiotan adimen artifizial batek sortuak diruditen ikus-entzunezkoak baitirudite.

Telesail ugari estreinatzen dira astero, baina oso gutxik lortzen dute geure garunean urteetan irautea, gehienek nortasun falta itzela dute eta beste edukien nahas-mahasa dirudite.

Azken bizpahiru urteotan estreinatu direnen artean, Ripley, Better Call Saul eta Succession nabarmenduko nituzke; Steven Zaillian, Vince Gilligan eta Jesse Armstrongen aztarna fotograma bakoitzean antzeman daiteke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.