gorka julio
IRLEN SAREA

E-irakaskuntzaren garaia

2020ko martxoaren 21a
00:00
Entzun
Moodle da software librean eta euskaraz dugun e-learning plataforma hoberena. Berari esker, munduan milaka eskola, unibertsitatek eta hezkuntza zentrok egiten dute lan. Eztabaida foroak, jarduerak bidaltzeko aukerak, galdetegiak, ebaluazioa eta konpetentziak kudeatzeko aukera... Gure hezkuntza sistemaren oinarrietako bat da; gure datuekin trafikatzen duten enpresa multinazionalekin lehiatzen da.

Horregatik, inoiz baino garrantzitsuagoa da horren alde apustu egitea. Administrazio publikotik, beharrezko azpiegiturak eskalatu behar dituzte dagoen eskarirako. Ikasgaiak prestatzen orduak pasatu dituzten irakasleak ezin ditugu utzi ezinbestekoa duten tresna hori gabe.

Aukera gehiago ere eskaintzen ditu tresnak, eta milaka dira gehitu ahal zaizkion funtzionalitateak. Horien artean bi nabarmendu nahi ditut: BigBlueButton eta Nextcloud integrazioa.

BigBlueButton, euskal komunitateak ahalegin askorekin itzulitako bideokonferentzia tresna bat da. Moodlerekin integratzean, bideokonferentziak egiteko, arbela eta moderazio aukerak eskaintzen ditu, ikasgela birtual baten moduan.

Nextcloud, berriz, hodei propio bat izateko aukera ematen duen sistema bat da. Fitxategiak trukatu, egutegi partekatuak, kontaktuen kudeaketa... Horretaz gain, horrek ere gehigarriak eskaintzen ditu, eta gehitu ahal zaizkio bideokonferentzia gela, fitxategien edizio partekatua egiteko baliabideak, proiektuen kudeaketa eramateko panelak... Moodlerekin integratuz gero, hodei horretan dauden fitxategiak zuzenean gehitu ditzakegu gure ikastaroetara.

Gure irakasleek milaka ordu pasatu dituzte beren ikasgaiak antolatzen, baita beren burua formatzen ere. Beste batzuk orain ari dira, ahalegin handiko auto-ikasketa prozesu batean, ahal dutena egiten. Esperientzia propioagatik dakit zenbat ahalegin eskaini behar izan dioten, adibidez, Irungo Eguzkitza BHIk, Oiartzungo Haurtzaro ikastolak, Trintxerpeko Karmengo Ama IPIak, Hondarribi Talaia BHIko irakasleek... eta beste askok.

Ikasleak eta familiak ere ahalegin bereziak egiten ari dira, beren etxeetako eskola txikietan. Horregatik, administrazioari une honetan baliabide egokiak ematea dagokio. Benetako apustua egiteko ordua da arlo honetan!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.