Lide Hernando.
'Ekografiak'

Drama lau zatitan

2025eko martxoaren 27a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Aurten ez dugu askorik itxaron behar izan pantailarekin maitemindu garela sentitzeko: martxoaren 13an estreinatu dute urteko telesail onena izan daitekeena, eta Adolescence du izena.

Stephen Graham aktoreari elkarrizketaren batean entzun diodanez, albistegietan ikusitako bi gertakari latz izan omen ziren telesailaren pizgarri. Bietan, herrialdearen punta banatan, mutiko gazte batek bere adineko neskato bat erail zuela zioten. Grahamen hitzetan, albiste horiek, bihotza ukitzeaz gain, galdera asko eragin zizkioten: zein diskurtso ari dira gaur egungo mutikoak jasotzen, mutur horretaraino iristeko? Zer rol jokatzen dute sare sozialek nerabezaroan?

Emaitza lau ataleko telesail sakon, latz eta bikain batean iritsi zaigu orain. Adolescence telesaila paregabe egiten duten gauzak hainbat dira, eta hemen zerrendatzen saiatuko naiz. Hasteko, atal bakoitza tranparik gabeko plano bakarrean filmatu dutela: aktoreek eta, batez ere, talde teknikoak, mugimendu eta hitz guztiak behin eta berriz entseatu behar izan dituzte filmaketan sartu aurretik.

Bestetik, aktoreak: Stephen Graham —The Virtues, Boiling Point, This Is England— egundokoa zela bagenekien lehendik. Nire ustean, aktore batek bikaina izateko kamaleonikoa izan behar ez duela justifikatzen duten pertsona horietakoa dugu hau: ezin du tipo gogorraren itxura hori gainetik kendu, baina hain da ona astakilo zaurgarriaren rolean… Hala ere, telesail horretako aurkikuntzarik harrigarriena Owen Cooper da, nerabearena egiten duena. Nondik ateratzen dituzte haur hauek?

Nire betiko apetari helduz, ordea, telesailaren alorrik ahaztezinena gidoian topa daitekeela esango nuke. Thriller konbentzional bat izan zitekeenaren ordez, azkenean drama sozial bat den gidoia; gertakari latz horrek dituen inplikazio guztiak aurkezten dizkiguna baina, hala ere, ez ikusleari eskutik heldu eta garraiatzen duena. Gehiegi erakutsi gabe, ikusleak gertakari horren puzzlea egingo du: zer testuinguruk eraman duen hiltzaile bihurtzera, bai eskolan eta bai sare sozialetan; bere familiak egoera hori nola bizi duen; zenbateraino sentitzen diren hezi duten haur horren ekintzen errudun.

Gidoi itzela, egundoko lan teknikoa, aktore bikainak eta mezu garrantzitsuak. Ezin gehiago eskatu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.