Dragoi bola (euskaraz) maite dugunontzat zeinen hilabete berezia izan den urria.
Hasteko, Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinema Astearen testuinguruan eta Animedon topaketaren barruan Son Gokuk euskaraz hitz egin zuenekoa ekitaldia ospatu delako. Aurten Akira Toriyama hiltzeaz gain, 35 urte bete dira ETBk lehen aldiz Dragoi bola euskaraz eman zuenetik, eta horregatik erabaki dute haren omenezko ekitaldia egitea.
Ylenia Benito kazetariak gidatu zuen ikuskizuna eta bertan izan ziren Xabier Amuriza bertsolari eta idazlea, telesailaren lehenengo bikoizketa-zuzendaria; Seve Atencia, Goku eta Gohanen ahotsa; Ana Guadalupe Fernadez, Bulmaren ahotsa eta amaierako kredituen abeslaria; eta Joxe Felipe Auzmendi, kazetaria, bikoiztailea, ETBko aurkezle historikoa eta Freezerren ahotsa. Gainera, lehenengo atala eman zuten eta zuzeneko musikaz gozatzeko aukera ere izan genuen. Emanaldia berezia izango zela susmatzen zuen, baina nire aurreikuspenak gainditu egin ziren: zeinen polita, hunkigarria eta nostalgikoa, gau ahaztezina izan zen.
Bi une nabarmenduko nituzke bereziki: Seve Atencia (Goku) bere indar eta pasio osoz kamehamea jaurtitzeneta Ana Guadalupe Fernandez (Bulma) amaierako tituluen kanta ahaztezina abesten: «Ametsak ez dauka inongo mugarik, eta nik alde egin nahi nuke hemendik...».
Bulma, Gohan, Krilin eta konpainiarekin batera hazi garenontzat bigarren albiste pozgarria: Dragoi bola Makusira iritsiko da laster —bazen garaia!—. Duela aste batzuk, Kataluniako SX3 plataformak iragarri zuen katalanez emango dituztela eta bazebilen zurrumurrua ea euskaraz halakorik gertatuko ote zen; BEC-en ospatu zen Makusi jaian baieztatu egin zuten.
1986tik 1989ra bitarte egin ziren Dragoi bola originalaren atalak plataforman euskaraz jarriko dituzte —153 atal— , baita Dragoi bola Z sailen kapituluak ere. Berrikuntzarik handiena Dragoi bola super euskaraz ikustea izango da.
Aldatu Gidoia mugimenduak albiste pozgarritzat jo du, baina eskaera jakin bat ere egin du: «ETBri bide horretan sakontzeko eskatzen diogu, eta, 2025erako, haur eta gaztetxoen edukietara bideratutako aurrekontua bikoizteko».