Leire Palacios.
EKOGRAFIAK

Dona-dona katona

2014ko abenduaren 2a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
La Razón egunkariko iritzi arduraduna zen Jose Antonio Alvarez Gundin, gaur egun RTVEko informatiboetako zuzendari berria da. Zein da egunkarietako iritzi arduradunaren eginbeharra? Doktrinatze kontzeptuaren durundia buruan dabilkit. Horregatik, agian, Goebbelsen herentziak utzitako ardura izatea baino ez dit iradokitzen. Sen kritikoaren gerriko funtzioa betetzen duela, alegia.

Ez dio sekula egiteari utzi, baina orain RTVE aspaldian baino gehiago edaten ari da garai ilunetatik. Memoriatik borratu nahi dizkiguten urte horiek zein ondorengoetatik. Eta ez hori bakarrik, lotsarik gabe sentsazionalismoan erortzen ari dira; esate baterako, Tania Sanchezi jarri zioten idazpuruarekin. Madrilgo erkidegoan IUko diputatuaren kargua «Pablo Iglesiasenneska-laguna» definitu zuten. Horrelako ekintzen ardura nori leporatu behar zaion da kontua; kazetariari, errealizazio lantaldeari, editoreari edo informatiboetako zuzendaritza lantaldeari.

Garai ilunak, halaber, RTVEn dituztenak: hurrengo bi urteetan 20 milioi euro aurrezteko plana aurkeztu dute. Neurrien artean, zuzendaritza lanpostuak %23 jaitsi dituzte. Kontratazioek ere behera egingo dute, eta langileen promozioaren alde egingo dute. Hori da diotena, eta, pertsonalki, zalantzan jartzen dut zuzendaritzak adierazitako hitz bakoitza. Eta hori guztia dator, dagoeneko albistegietan arloburuak nahi bezala aldatu dituztenean hautaketa irizpide pertsonalari jarraikiz. Ironikoa, erabat. Adierazpen askatasunaren aldeko manifestua idatzi zuten langile berberak altxatu dira «sarraski» gisa definitu dituzten aldaketa horien kontra. Egiari zor, altxatu baino gehiago, eseri egin dira.

Gogoan daukat gure telebista publikoan antzeko egoera izan genuela, Espainiakoan bezala estatus politikoari lotuta. Hain zuzen, sozialista eta popularrak Lehendakaritzan kargua hartu zutenean. Garai hartan, EITBn pareko «sarraskia» egin zuten. Baina egia da, orduan erredakzio taldea osatzen genuenok ez ginen altxatu. Agian, herri honetan zaplaztekoa ematen digutenean aurpegi ona jartzen ohitu garelako. Gertakizunak ikusita, badirudi are kontu isilpekoagoa gertatzen ari dela telebista publikoetan. Alegia, diru publikoa baliatuta eta hautu pertsonaletan oinarrituta banatzen dela lana. Eta ez soilik maila gorenetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.