Gure mundu xelebre honek gordetzen dituen misterio guztien artean, domino efektuaren atzean dauden indarrena iruditzen zait harrigarrienetarikoa. Ez Bermudetako hirukia, ez Stonehenge, eta ez gizakia benetan Ilargira iritsi zen ala ez. Duela zazpi urte inguru, musikaren industrian zebilen gizon donostiar bat salatu zuten sexu erasoak egiteagatik. Hori gertatu zenean, zirkulu askotan zebilen zurrumurrua: «Oso fuertea da, baina fuerteena da ez dela bakarra». Gertaera entzutetsu horren atzetik, alta, ez zen domino efekturik egon; kasu bakan moduan gelditu zen.
Gaur egun arte. Ez naiz soziologoa eta, beraz, hau orain zergatik gertatu den misterioa izaten jarraituko du niretzako, baina mugarrien ordena argi dago: Gisele Pelicotek lotsa bandoz aldatzeko unea zela esan zuen; Cristina Fallaras idazlearen kontuan Iñigo Errejonen inguruko salaketek argia ikusi, eta hark dimisioa eskatu zuen. Ordutik, salaketen domino efektua inoiz ez bezalakoa izan da. Eta gurera ere iritsi da, Euskal Herrira. Parisera eta Madrilera horrenbeste begiratzeak batzuetan onurak omen dakartza. Sona izan duen azkena, hau idazten ari naizen egunean behintzat, Primeran plataforman emititzen ari zirenlate-show bateko aurkezlearen aurkakoa izan da, saioa momentuz geldiaraztea eragin duena —hainbat pertsonari kalte ekonomiko larriak eraginez, bide batez—. Hori, hala ere, ez da salaketa bakarra izan: hainbat sigla dabiltza hortik dantzan, musikari hau, promotore hori, soinu teknikari hura; irakasle hau, aktore hori, ginekologo hura.
Nola edo hala, domino efektu hori hasi da dagoeneko urte luzez ezkutuan zebiltzan erasotzaileen triskantzak argitara ateratzen. Eta beldurgarria da zenbat diren. Eta beldurgarria da zenbat ezagutzen ditudan. Eta beldurgarria da zenbat urtez aritu diren inpunitate osoz hori egiten. Baina, misterioak misterio, beste ondorio bat ere aise atera daiteke: duela zazpi urte ez bezala, orain bai, oraingoan ikasi dugu batzen eta adierazpen kolektiboak egiten, edota justiziak eskaintzen ez dizkigun aterpeak sortzen testigantza egiteko. Ez da kasu berdina, eta garrantzitsua da hori azpimarratzea, baina esango nuke ahalduntze aldetik ere beste gizon musikari bati irailean emandako erantzun kolektiboa mugarri izan zela.